GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Legalki zelan lapurtu (I)

Batzuen krisialditik batzuk irten daitezen bide bakarra, antza, merkatuak trankiltzea baino ez da. Eta trankiltzeko bidea negozio pribatuei ateak zabaltzea da

Europar Batasuneko Ecofin-ek pentsioen inguruko bere azken txostena bota digu mahai gainera. Berrikuntza handirik ez. Berriro ere, gure pentsioak kolokan egongo direla, erreformarik egin ezean; berriro ere, populazioa gero eta zaharragoa dela; berriro ere, gero eta gehiago gastatzen dugula pentsioak ordaintzen.

Ez da Europatik datorren lehen txostena, eta ez da azkena izango. Europako Batzordeak uztailean publiko egin zuen pentsioen liburu berdea gomendatzen dizuet, gezur handi honen azken xedea zein den ondo ikusteko: pentsio sistema publikoak apurka desagerraraztea eta sistema pribatuetara jauzi osoa egitea.

1996an Madrilgo Enpresarien Zirkuluak txosten famatu bat agindu zion ekonomia arloko aditu bati: Jose Piñera Pinocheten ministroari, hain zuzen. Duela 15 urte azalarazi zituen arrazoiak, ondorioak eta «konponbideak» oraingo txostenetan errepikatzen diren berberak dira:

Orduan sistemaren porrota 2010. urtean kokatzen zuten (eta Espainiako Gizarte Segurantzak 2009. urtea 8.500 milioiko superabitaz amaitu zuen) eta orain 2030ean kokatzen dute. Orduan sistema porrotera eramango zuen arrazoia jendartea gero eta zaharragoa izatea zen; orain ere bai. Orduan «konponbidea» sistema pribatua zela esaten zuten; orain ere bai.

Lehenik eta behin, argi geldi dadila pentsio sistema publikoek ez daukatela porrot arriskurik (sistema pribatuekin gertatzen ez den bezala); daukaten arrisku bakarra da publikoki kudeatzen den diru hori guztia lar goxoa dela esku pribatuek euren atzaparretatik aparte utz dezaten. Gauza gutxi geratzen dira Europan jadanik pribatizatu barik. Horietako bat pentsioak dira, eta gure erretiroek mugitzen duten kapital kopurua imajinaezina da.

Pentsioen erreforma krisialditik irteteko errezeta moduan erabiltzen dute gobernuek, eta horrela presionatzen dituzte merkatuak. Sinetsarazi nahi diguten gezurra, alegia, sistema horiek kolokan daudela, egia balitz, zerikusi handirik ez luke izango krisialditik irtetearekin; aparteko azaroa litzateke. Hala ere, batzuen krisialditik batzuk irten daitezen bide bakarra, antza, merkatuak trankiltzea baino ez da. Eta trankiltzeko bidea negozio pribatuei ateak zabaltzea da.

Digresio txiki bat: funts pribatuek, gainera, desgrabazio fiskal itzelak izaten dituzte. Hau da, diru publikoa erabiltzen da pentsio pribatuen mesedetan.

Erreformarako neurri bi dabiltza errepikatzen batez ere, erretiratzeko adina atzeratzea eta kotizazio epealdiak luzatzea. Hau Diaz Ferranek ondo laburtu zuen: lan gehiago egin eta gutxiago kobratu. Urte luzeagoz lan egingo genuke eta gerora gutxiago kobratu, kotizazio epeak luzatzen badituzte, pentsioetan jasotzen den diru kopurua automatikoki jaisten da. Diaz Ferranek Gizarte Segurantzari zor dizkion milioi guztiak besteon pentsioetan bai, baina bere erretirorako ez ei dira oztopo izango.

Gure pentsioak gero eta miserableagoak badira, soldata zuzenean bankuei ematea beste aukerarik ez zaigu geldituko; azken batean, hortik hipoteka ordaintzeko ez den guztia pentsioa pagatzeko izan beharko da...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo