Haitiren gaitz zaharretatik datozen gaitz berriak
Haitiko kolera epidemia Dominikar Errepublikara hedatu da, eta Haitin dagoeneko milatik gora lagun hil eta 17.000 gaixotu ditu. Baina hori ez da Haiti kolpatzen duen gaitz bakarra. Izan ere, gaitz zaharrago batzuekin bizi behar dute haitiarrek aspaldi luzetik, kolonizatzaileen espoliazioarekin eta munduaren ahanzturarekin. Hori da Haitik izan duen hondamendirik larriena, aurtengo urtarrilean ehunka mila hildako eragin zituen lurrikarak agerian utzi zuenez. Elkartasunerako deia zabalduta, herrialde boteretsuen premia biziko laguntza bitxia segurtasuna bermatzeko soldaduak eramatea izan zen. Orain kolerak ditu haitiarrak menpean, miseriaren gaixotasunak, alegia; baina ez da aski, nonbait, eta istilu larriak ere izan dira herrialdean. NBEko soldaduen kontrako protestetan bi lagun hil dira. Hala ere, egoera nahasi horren jatorria ez da kolera bakarrik. Bi aste barru hauteskundeak izango dira eta liskar politikoen adierazpen bortitzak ez dira falta. Aldi berean, hauteskundeak testuinguru horretan izateak ez dirudi haien garbitasuna bermatuko duenik. Eta, nolanahi ere, egunotako protesta eta istiluek talde politikoen arteko liskarrak ez ezik, herritarren ezinegona ere uzten dute agerian, batez ere kanpoko indar armatuen presentzia eta herrialdeko gizarte arazo larriei erantzuteko agintariek erakutsi duten gaitasun eza direla eta.