«Behin finalean sartuta, azkena ez geratzea izango da nire lehen helburua»
Aizkolaria
Jexuxmari Mujikak maila nagusiko bere bigarren finala jokatuko du datorren igandean Asteasun. Ibarrakoa behetik gora indarrean datorren horietakoa da, eta oso sasoi onean dabilela erakusten ari da. Hiru urte daramatza lehen mailan, eta horietatik bitan finalean sartzea lortu du. Argi eta garbi utzi du, beraz, gorakada nabarmena izan duela azkeneko urte hauetan.
Jon LEUNDA
Mujika bigarrenez arituko da Euskal Herriko Lehen Mailako finalean. Iaz laugarren postua lortu zuen, eta aurten hura errepikatuko balu, gustura litzateke, baina bere helburua beteta doa igandean Asteasun jokatuko den finalera, bertan egotea baitzen bere nahia.
Zer moduz zaude?
Ustez ongi. Gustura aritu naiz entrenatzen, eta finala jokatzeko gogo handiz nago.
Zein izango da finalean zure helburua?
Hasteko, azkena ez geratzea. Hori da lehentasuna. Gero lehen bosten artean geratzeak Urrezko Aizkoran parte hartzeko aukera ematen dizu, eta hori iaz lortu nuenez, aurtengoan ere errepikatu nahi nuke. Hala ere, esan bezala, lehen helburua finalean izatea zen, eta behin hori lortuta, azkena ez geratzea izango da hurrengo erronka.
Finalera helburua beteta joateak lasaitasuna ere emango du, ezta?
Bai, dudarik gabe. Iaz nuen lehen finala, eta aurtengo ere asmo bera nuen. Oso ongi hasi nintzen, eta gero dena ongi atera zitzaidan. Oso gustura aritu nintzen. Amaieran, gainera, laugarren izan nintzen. Nire burua ere oso lasai ikusi nuen. Lanak errespetu dezente ematen zidan, baina dena primeran atera zitzaidan. Ea aurtengoa errepikatzen den.
Igandeko lanean oinbikoak al dira kezkarik gehien ematen dizutenak?
Dudarik gabe. Lau jarraian egoten dira, eta horiek garrantzitsuak izaten dira. Epaiak zuzen eramatea eta egur onak ateratzea garrantzitsua izaten da, bestela denbora asko gal baitaiteke.
Asko kostatu zitzaizun Hirugarren Maila atzean uztea. Orain, atzera begiratuta, nola ikusten dituzu urte haiek?
Egia esan, orduan uztea ere behin baino gehiagotan pentsatu izan nuen. Agian, ez nuen neure burua orain bezainbeste prestatuko, baina plazara ustez ongi joan eta finaletan sartu ezinik ibiltzen nintzen. Azkenean lortu nuen handik irtetea, eta oso gustura nabil.
Behin Hirugarren Mailatik aterata, berehala sartu zara lehen mailako finaletan. Zer aldatu da?
Burua, bai eta teknika ere. Alde batetik, nire buruarekin konfiantza hartu dudala uste dut, ahal dudala ikusi dut eta, bestetik, teknika aldetik ere hobetu dudala uste dut.
Igandeko finalerako Nazabal da denontzat faborito nagusia. Zuentzat ere bai?
Nik uste dut baietz. Berari ezer gertatu ezean, uste dut berak irabaziko duela. Une honetan besteak baino koska bat gorago dago, eta okerrik ez duela, bera izango da irabazlea.