GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA

Asteasu prest dago final handia hartzeko

J.L.

Atzo aurkeztu zuten Asteasun bertan, datorren igandean, 12.30etik aurrera, jokatuko den Euskal Herriko Lehen Mailako finala. Bertan, joan den abuztuaren amaieran Berrobin txartela lortu zuten sei aizkolariak izango dira. Nazabal, Azurmendi, Olasagasti, Lopez, Otaegi eta Mujika dira horiek.

Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, beste horrenbeste 60 ontzako, eta beste horrenbeste oinbiko moztu beharko ditu. Enborrak Joxemiel Peñagarikanok plazaratuko ditu. Saioa zuzenean ikusi nahi dutenek, 20 eurotan izango dituzte sarrerak salgai. Final honen aurrekontua, berriz, 17.000 eurokoa izango da.

Asteasuk iaz kanporaketa antolatu zuen, eta aurten beste urrats bat eman nahi izan dute finala antolatuz. «Herrian herri-kirolak bultzen ari gara. Urrezko Aizkorako saioak izan ditugu, harri-jasotzeko markak ere bai, bai eta pilota jaialdiak ere, eta final hau antolatzeko parada eman zigutenean, berehala erabaki genuen baietz», esan zuen Iñaki Amenabar, herriko alkateak.

Izan ere, iazkoarekin oso gustura geratu zirela esan zuen Joxeanjel Sarasola antolatzaileak. «Iazko kanporaketarekin oso gustura geratu ginen, eta aurten finala egiteko proposatu zigutenean, berehala joan ginen Udalera, eta baiezkoa atera da», esan zuen.

Joseba Otaegi eta Iñaki Azurmendi finalistak ere bertan izan ziren, eta biek garbi utzi zuten Nazabal dela faboritoa. «Nik uste dut berari ezer gertatu ezean, zaila izango dela txapela kentzea. Gustatu denoi egingo litzaiguke, baina zaila ikusten dut. Nire ustez, bigarren posturako egongo da oso borroka polita», esan zuen Iñaki Azurmendi aizkolariak.

320 eserleku ditu pilotalekuak, baina harmaila mugikorrak jarriko dituzte, eta 500 ikuslerentzat lekua izango dela esan zuten antolatzaileek, baita aparkatzeko lekua ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo