Irakaskuntza izango du ardatz aurtengo Ezabaketa Asteak
«Hizkuntza zapalkuntzaren aurrean, eskola euskalduna» lelopean, EHEk aurtengo Ezabaketa Astea abiaraziko du larunbat honetan. Izan ere, prentsa agerraldian azaldu zutenez, irakaskuntzak betidanik izan du «berebiziko lekua Euskal Herria asimilatzeko estrategian». Urteetan garatzen joan den ekimenak zazpi lurraldeetako kale, eskola eta bideak hartuko ditu.
GARA
Euskal Herriak betidanik irakaskuntza alorrean «hainbat iruzur eta eraso» bizi izan dituela-eta, Euskal Herrian Euskaraz-ek gai hori hautatu du aurtengo Ezabaketa Asterako. «Eskolatik hasita ekin dute erasoaldian ikasleen euskalduntzeko eskubidea urratuz» eta hizkuntza ereduak agortuta, «euskararen kalterako» eredu berriak abiarazi dituztela salatu zuen eragile euskaltzaleak atzo Iruñean egindako prentsa agerraldian.
Hortaz, aurtengoan, irakaskuntza egitasmoaren erdigunean kokatuta eta egoeraren «erantzuleei zuzeneko markajea eginez» emango diote hasiera ekimenari larunbat honetan. Asteari hasiera indartsua emateko xedearekin hainbat ekimen antolatu ditu EHEk.
Donostian, esaterako, larunbatean kalejira «koloretsua eta aldarrikatzailea» hasiko dute 12.00etan, Bulebarretik PSEren egoitzaraino. Bidean, ezabaketak egiteaz eta euskaltzaleen ahotsak ozen entzunarazteaz gain, esku-orriak eta pegatinak banatuko dituzte. PSEren egoitza aurrera iritsitakoan, 12.30ean, elkarretaratzea egingo du EHEk «Hizkuntza zapalkuntzaren aurrean, eskola euskalduna» lelopean.
Lelo berarekin, etzi ere Iruñean UPNk duen egoitzaraino helaraziko dituzte aldarrikapen eta koloreak, 12.30ean. Azaroaren 20tik 27ra bitartean, ekimen mordoak hartuko ditu Euskal Herri osoko kale, eskola eta bideak. Bukatze aldera, azaroaren 26an, Donibane-Lohizune eta Ziburu artean, UMPko Michelle Alliot Marieren etxe ondoraino, bertso-ezabaketa-poteoa egingo dute, arratsaldeko seietatik aurrera.
Urtetan moldatzen eta garatzen joan den ezabaketa ekimenan herritarrek berebiziko garrantzia hartu izan dute. Zentzu horretan, EHEk herritarrei dei egin die beraiek ere hizkuntza zapalkuntza agerian uzteko eta tokian-tokian iragarriko diren ekimenetan parte har dezaten.
UMP, PSE eta UPN, erantzule
Irakaskuntzak betidanik Euskal Herria «asimilatzeko estrategian berebiziko lekua» izan duela azaldu zuten EHEko Unai Larreategi, Igone Lamarain eta Nestor Esteban kideek.
«Frantziar Estatuak euskara onartu ere egiten ez duen legedia baten baitan urratsak eman daitezkeela irudikatu nahi du; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan urteetan indarrean izan diren A, B eta D ereduak huts egin dute eta orain, euskara bermatzen ez duen hiru eleko eredu berria sartu dute; eta Nafarroa Garaian euskaldunak enegarren maila batera baztertzea dute helburu. A, B eta G ereduen porrotaren ostean gainera, HELLO haur eskolak eta TIL eredua ezarri dituzte», azaldu zuen eragile euskaltzaleak.
Euskal Herriko irakaskuntzak bizi duen euskalduntze ezaren herrialde bakoitzeko erantzuleak izendatu zituen EHEk. «UMP, PSE eta UPN dira egoera horren erantzuleak».
Hamazazpigarren Korrika hasteko hilabete gutxi falta direla, Korrika Laguntzailea kanpaina aurkeztu zuten atzo Donostiako AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideek, AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mujikak eta Korrikako arduradun Edurne Brouardek.
Bi urtetik behin ospatzen da Korrika eta berau antolatu ahal izateko bideratzen dute kanpainan jasotako dirua. Hamabi euroren truke, «laguntzaile» egiten diren guztiei pin-a eta Euskal Herriko ehun komertzio baino gehiagotan beherapenak ahalbidetzen dituen txartela emango die AEK-k. Kanpainarekin batera, Korrikaren 17. ediziorako jantziak eta materiala ere salgai jarri dute dagoeneko euskaltegietan, azoketan eta dendatan. GARA