GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak bilduma berri bat hasi du «Gure kolkotik»-ekin

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak lau urte daramatza diskogintzan. 2007an «Faborez» bilduma hasi zuten, non pieza zaharrak berreskuratzen zituzten. Oraingoan, aldiz, «Gure Kolkotik 2010» diskoan bildutako hamabost abestiak sorkuntza berrikoak dira, eta bilduma berri baten lehen alea da honakoa.

Diskoan soinu txikia eta perkusioa erabili dira soilik, bikote batek zuzenean jotzeko moduan grabatu baitira pieza guztiak. Abestiak Kristina Solanok, Edurne Iturbek, Maixa Lizarribarrek, Urtzi Enrikezek eta Iosu Arrizabalaga Izer-ek grabatu dituzte. Bakoitzak hiru abesti sortu ditu, diskoari bakoitzaren ukitu pertsonala emanaz.

Maixa Lizarribarren kasuan adibidez, azken urteetan bidelagun duen Ines Osinagaren laguntza izan du grabaketan: «Lan honetarako ere bere laguntza behar nuen», azaldu zuen. Bere hiru piezak lehendik zituen zatiekin egindako puzzle bat bezala deskribatu zituen, nahiz eta erabat berriak direnak ere sartu dituen. Letrak, ordea, Maider Osak sortu dizkio.

Izerrek gordeta zituen piezekin osatu du bere zatitxoa. Hala, fandango bat, pasabide bat eta abesti oso pertsonal bat topa daiteke.

Bildumaren izenburua, «Gure Kolkotik», trikitilarien artean ohikoa den esaeratik dator. Izan ere, soinu-jotzaile batek erromeria batean berak sortutako abesti bat joko duela adierazteko kolkoa seinalatu ohi du.

Bilduma berri honekin eskoletan lantzeko material berria sortu nahi izan dute soinu-jotzaileek, ikasle gazteek abesti berriak ikasteko aukera izan dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo