GARA > Idatzia > Kultura

Sentimenduen mikaztasun eta gozotasunari heldu die Olatz Zugastik bere lan berrian

Arpa du bere sorkuntzen oinarri Olatz Zugasti musikariak eta, zortzi urtez diskorik kaleratu gabe egon ondoren, oreka berrietara gerturatu da «Gau hotzenean ere» lanarekin, soiltasunaren alde.

p041_f01_096x176.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Zaila litzateke Olatz Zugastiren (Hernani, 1965) izena entzunda arparekiko duen loturari bizkar ematea. Arpa eta ahotsa ditu aspaldidanik musikari lotutako bidaide eta haiekin bat jarraitu du lanean buru-belarri. 2002an kaleratu zuen Elkar diskoetxearekin bere azken sorkuntza, «Elearen lainoa», eta argitaletxe berberarekin berragertu da jendaurrean, oraingoan, «Gau hotzenean ere» diskoarekin.

Hamalau kantutan oreka berrietaranzko joera izan du, soiltasuna bilatze aldera eta bere sorkuntzak beste begi batzuekin bilatzearren, Anjel Valdes Elkarreko editoreak argitu zuenez. Biluztasunetik are gertuago jarri da egitasmo honekin musikari hernaniarra. Bere «bakartasunetik» -pertsona bakartitzat jotzen baitu bere burua- gizartearekin harreman estuagoa izatera igaro da, besteak beste, Orion zuzentzen duen Olaxka ahots taldearekin egindako lanaren ondorioz. Sentimendu mikatz eta hunkigarrien zurrunbiloa ei da berak bizi duena, eta haiek diskoan agerian uzten saiatu da.

«Betidanik izan dut letretan neure burua makillatzeko joera. Orain ez dut alde hori arnegatzen, baina hitzak zuzenagoak izan zitezen saiatu naiz, sentimenduak era xumeago batez adieraziak izan zitezen. Hori izan da disko honekin eman nahi izan dudan urratsetako bat», nabarmendu zuen.

Kolaborazioak

Hainbat musikariren kolaborazioak jaso dituen arren -Arkaitz Miner, Mixel Ducau-, Olaxka taldearekin grabatutako bi kantuek zeresan berezia eman dute «Gau hotzean ere» diskoan. «Oria ibaia» eta «Bizirik gaudelako» dira bost urtetik hona zuzentzen duen taldeak kantatutako abestiak, lehenengoa, gainera, zuzeneko ekitaldi batean grabatutakoa.

«Hasiera batean, estudioan grabatu genuen, baina nahiko hotza geratu zela iruditu zitzaidan. Handik gutxira, Ikastolen Elkarteko festa batean kantatzera gonbidatu gintuzten eta kantu berbera eraman genuen oholtza gainera. Guk ezer jakin gabe, teknikariek berriro grabatu zuten, eta bertsio hura askoz gehiago gustatu zitzaigun, eta hori da diskoan txertatu duguna», azaldu zuen.

Hamalau abestietan zehar, Zugastiren sormenekoak ez ezik, berak musikatutako Lazarraga XVI. mendeko idazlearen olerki bat, Jose Ramon Uriarteren letra bat, Josu Galdosekin sortutako beste bat, Ultzamako herri dantza bat eta Brendan Graham irlandar idazle eta kantugilearekin elkarlanean eginiko hiru kantu ere topa daitezke diskoan.

Horrez gain, lan berri horretan agertzen direnez gain, beste bi kanta ere grabatu ditu Zugastik: «Gau hartan» (instrumentala, Tibalt Nafarroako erregearena) eta «Bizirik gaudelako» kantaren bertsio bat, kasu honetan berak kantatua.

Fitxa

Izenburua: «Gau hotzenean ere».

Egilea: Olatz Zugasti.

Argitaratzailea: Elkar.

Kantu kopurua: 14.

Kolaborazioak:

Olaxka ahots taldea, Mixel Ducau, Arkaitz Miner.

Salneurria: 14,95 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo