Laura MINTEGI Idazlea
Txokolatea eta orangutanak
Orain 85 urte, 1925ean, hil zen Joseph Rowntree britainiarra, 90 urte betetzear zenean. Ardura sozial handia zuen eta ordura arte ikusi gabeko neurriak hartu zituen bere enpresetako langileen alde. Rowntree familiaren dirua filantropian eta gizarte erreformak egiteko erabili zuen eta, oraindik bizirik zegoela, fortuna erdia eman zuen lau partzuergo sortzeko: Karitate Partzuergoa, Rowntree Fundazioa, Etxegintza Partzuergoa eta Zerbitzu Sozialen Partzuergoa. Antza, gizarte justuagoa amesten zuen.
Urteak pasatu eta Rowntree familiari diru gehien eman ziona, txokolategintza, Nestlek erosi zuen, eta enpresa honek txokolatea egiteko (Kit Kat, esaterako) palma olioa erabiltzen du kopuru handietan, Indonesiako oihanetatik aterata. Greenpeace-k kanpaina entzutetsuak egin ditu Nestle-ren politika harrapari eta kolonialista salatzeko, eta azaldu du Nestle-ren erruz Indonesiako orangutanak habitat naturala galtzen ari direla eta inguruko bizilagunentzat ere oso kaltegarria dela.
Joan den astean jakin dugu Brian Currin soldatapean ari dela Euskal Herrian bitartekari lana egiten, eta bere lana erabakiorra izan daitekeela gurean bakea eskuratzeko. Bere lanaren truke, John Rowntree Charitable Trust-ek 130.000 euro ordaindu dizkio 2007tik hona, Madrilgo egunkari baten hitzetan. Egunkariak zioenez, Kit Kat eta Smarties produktuek ordaintzen dute «abertzaleen alde» dabilen abokatua.
«Berria»-n jakin nuenean Currin Kit Kat-ek finantzatzen duela, pentsatu nuen txokolate gehiago erosi behar dudala, baina orain Indonesiako jendea eta orangutanak imajinatzen ditut, zuhaitzik gabe, eta ez dakit zer egin.