GARA > Idatzia > Kultura

Ahotsa lortu eta «Haragizkoa» bihurtu da Nabarroren hitza

Omar Nabarroren olerkia kantu bihurtu du Rafa Ruedak, Jaime Nieto musikariaren laguntzarekin eta, ikuskizun berezi, Joseba Barrenetxearen irudiez. Orain disko batean plazaratu dute Edorta Jimenezen hitza.
p040_f01_148x088.jpg

A. BILBAO | BILBO

Aspaldi mutututa zegoen Omar Nabarrok, ahotsa berreskuratu, eta «Haragizko amoreak» (Susa) liburua argitaratu zuen iaz. Eta olerki horietatik abiatuta, kantu sorta osatu eta disko bat plazaratu du orain Edorta Jimenezen `ahots olerkari' Nabarrok, Rafa Rueda, Jaime Nieto eta Joseba Barrenetxearekin elkarlanean.

Nabarrok idatzitako olerkiak eta Ruedak haiekin egindako kantuak biltzen dituen lanak laukoteak lagunartean prestatu duen ikuskizuna du ardatz, eta autoekoizpenean gauzatu dute goitik behera, beraiek argitaratzeraino. Saldu ere, webgunearen bidez edo zuzeneko emanaldietan baino ez dute salduko; Durangoko Azokan izango den arren, ez da dendetara helduko.

«Nabarra» aldizkariak Bilbon duen egoitzan egindako aurkezpenean, «literaturan zaila da zintzoa izatea eta ni horretara noa, apurka-apurka filtroak kenduz» aitortu zuen Jimenezen esanetan, bazuen «Haragizko amoreak» olerki sortarekin ikuskizun bat egiteko asmoa, «berezia». Eta asmo horrekin poemak helarazi zizkion aurrena doinua sortu eta gero testua gehituta lan egitera ohituagoa dagoen Rueda lagunari. Olerkien biderik zailena begitantzen baitzaio bihotzeko zirrarek papereratutako testuak ahotsez ematea.

Rafa Ruedak, bestalde, eskarmentu gero eta handiagoa du idazleen testuak musikatzen, baina zera zehaztu zuen: «Ez nuen formula berarekin lan egin nahi, eta esperimentatzeko baliatu nahi izan nuen aukera». Eta horretarako, New Yorkeko Zeljko Mcmullenengana jo zuen, hark soinu ehundura eta programazioak gehitu eta bide horretatik Ruedak sortu kantuak jantzi zitzan.

«Haragizkoa» bi ataleko lana da. Bata Jimenezek bere ahotsez interpretatutako poemez osatua dago, eta besteak Ruedak egin dituen lau kantuak agertzen ditu -zuzeneko ikuskizunean gehiago ere badira-, «orain arte erabilitako musika estetika apurtu eta kolore ezberdinez».

Poesia musikatzea ahotan hartuta, uztarteka naturaltzat jotzen du Ruedak, «poesiak berez kantatzen du», eta musikak, komunikatzeko duen gaitasunagatik, «hitz egiten du».

Sagarra

«Haragizkoa» diskoak olerkiak eta kantuak baino jasotzen ez baditu ere, ardatz duen ikuskizuna Joseba Barrenetxearen irudiek aberasten dute. Argazkiez hitz egitea zaila dela esan zuen atzo. «Argazkietan Omar Nabarroren begirada azaltzen saiatu naiz, baina ikusle bakoitzak egin behar du bere interpretazioa».

Barrenetxeak, diskoaren diseinuaz ere arduratu denak, sagarra hartu du erotismoa ardatz duten olerkien irudi ikur bezala, «emakumearen sexualitateari erreferentzia eginez».

Behin lana aurkeztuta, laukoteak 45 minutuko zuzeneko ikuskizunekin jarraituko du. Azaroaren 27an Bergaran izango dira; Donostian, abenduaren 3an; eta Durangoko Ahotsenean, abenduaren 6an. Eta data horiez gain, izango dira emanaldi gehiago ere, sortuz gero.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo