GARA > Idatzia > Kultura

Gizarteari egindako kritika aurkeztu du Mendeku Itxuak «Piztien pare» diskoan

p040_f02_97x92.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Mendeku Itxua talde usurbildarraren «Piztiaren pare» (Ortots Burdin Ahotsak) disko berria eboluzio baten emaitza da. Izan ere, atzo egindako aurkezpenean taldeko abeslari Ixak Arrutik azaldu zuenez, bigarren lana, «Indarrak batuz», argitaratutakoan hainbat aldaketa egin behar zituztela ohartu ziren: «kontundentzia» falta sumatu zuten, baita gitarrak eta melodiak gehiago lantzeko beharra ere. Hala, honako disko hau «agresiboagoa» dela esan zuen Arrutik.

Hala ere, taldearen nortasuna ahaztu gabe, melodia eta errepika alaiak mantendu dituzte, lan honek deskribatzen baitu benetan zer den Mendeku Itxua. «Gure nortasuna islatu nahi genuen disko honetan», zioen Ander gitarra-jotzaileak, eta horretarako, inoiz baino beldur gutxiago izan dutela azaldu zuen Arrutik. Hala bakoitzaren gustuak argi azaldu eta abestiak horren arabera landu dituzte, jendearen iritzia albo batera utzita.

Hamar abesti biltzen dira proiektu berri honetan, aurrekoak baino ilunagoak eta ezkorragoak direnak. Izan ere, «gure egunerokotasuneko gauzei buruz hitz egiten dugu», azaldu zuen Anderrek.

Izenburua gizarteari egindako kritika baten ondorio da. Izan ere, taldekideek azaldu zutenez, gizakiak gizakia bera tratatzeko duen modu ankerra da diskoan jorratutako ideia nagusia.

Diskoa Durangoko Azokan jarriko dute salgai Gor diskoetxearen salmahaian. Baina, jendaurrean egin beharreko aurkezpen ofiziala bihar izango da Donostiako Kafe Antzokian 20.30etik aurrera, Dawnmaster talde gipuzkoarrarekin batera. Sarrerak 5 eurotan daude salgai, baina 10 euro ordainduz gero, sarrerarekin batera disko berria eskuratu ahal izango du erosleak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo