GARA > Idatzia > Kultura

Bilboko Itsas Museoak zazpigarren urteurrena ospatuko du larunbatean

p042_f02_88x76.jpg

A. A. | BILBO

Nabigatzaile Eguna egingo du Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak larunbat honetan, zazpigarren urteurrena dela-eta. Orain arte, 400.000 bisitaritik gora izan dituela azaldu zuen atzo Jon Ruigomez museoko zuzendariak. Zazpi urtetan, hogei erakusketa antolatu dituzte eta 30 itsasontzi porturatu dira bertan.

Larunbatean, egun osoan museoko erakusketa guztiak doan ikusteko aukera izango da, besteak beste, eta egun osorako ekintzez beteriko egitaraua prestatu dute.

Goizeko hamar eta erdietan, itsasadarrean zehar «Txinbito» eta beste hainbat ontziren igoera egingo da. Irteera Getxoko kirol portuan izango da eta izena eman nahi duenak museora deitu beharko du. Haurrek, berriz, piraten mundua ezagutzeko aukera izango dute Entzungelan 11.00etatik eta 16.00etatik aurrera egingo diren tailerretan.

Piraguan eta bizikletan Itsas Museoaren inguruan paseo bat eman nahi dutenek alokairua doan izango dute 11.00etatik 17.00etara. Festari sabela beteta aurre egiteko, eguerdian marmitako erraldoia ospatuko da txarangekin girotuta museoaren kanpoaldean.

Bestalde, hileko bigarren astearteetan hitzaldiak izango dira museoan ekainera bitartean. Abenduaren 14an, Fernando Cayuelak Saltilloren eraberritzeari buruz hitz egingo du. Gabonetan ere, jarduera bereziak egingo dira. Igandeetan, sarrerarekin batera, bisita gidatua eskainiko da doan. Abenduaren 28, 29 eta 30ean, berriz, umeentzako tailerrak egingo dira; 28an ipuin kontalaria ere izango da; eta urtarrilaren 4an eta 26an, txotxongilo ikuskizuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo