GARA > Idatzia > Mundua

AEBek eta NATOk Afganistandik alde egiteko estrategia landuko dute Lisboan

Bihar Lisboan hasiko den NATOren gailurrean Afganistanen dituzten tropak bertatik alde egiteko estrategia aztertzea izango da bildutakoen zeregin nagusia. NATOren egitasmoa argia da: lehen tropak 2011n erretiratzea eta 2014rako segurtasuna Kabulen eskuetan uztea.

GARA | KABUL

NATOk Afganistanen duen ISAF misioak bertako militarren eskuetan utziko du «hainbat probintzietako» segurtasunaren kontrola 2011ko hasieran. Hori adierazi zuen atzo erakunde horrek Kabulen duen ordezkari zibilak, prozesua 2014ra arte luza daitekeela gaineratuz.

Joan den uztailean Kabulen izandako bileran, 70 herrialdetako eta nazioarteko erakundeetako ordezkariek 2014rako Afganistango segurtasunaren ardura bertako agintarien eskuetan izan beharko dela adostu zuten. Plangintza hori bihar eta larunbatean NATOk Lisboan egingo duen gailurrean landuko dute. Izan ere, Afganistango egoera izango da bilerako gai nagusia.

«Lisboan erretiratze prozesua 2011ko lehen erdian hastea eta afganistandarrek herrialde osoaren kontrola 2014rako izatea erabakitzea espero dut», adierazi zuen NATOk Afganistanen duen ordezkari zibil Mark Sedwillek Kabulen atzo egin zen prentsaurrekoan.

Halere, 2014ko muga «helburua» dela nabarmendu zuen Sedwillek, data horren ostean Afganistanen Mendebaldeko tropak izan daitezkeela gaineratuz. Tropa horien zeregina Afganistango soldaduei formakuntza eta laguntza logistikoa ematea izango litzateke. Iturri ezberdinek dagoeneko plazaratu dutenaren arabera, NATOren 50.000 soldadu geratuko dira Afganistanen.

«Argi eta garbi esan dugu guru misioa ez dela 2014an amaituko», adierazi zuen Sedwillek.

Une hauetan, AEBetako eta NATOko 150.000 soldadu daude Afganistanen Hamid Karzairen gobernua eta herrialdeko armada sostengatu eta talibanen matxinadari aurre egiteko. Azken horiek 2001ean bota zituzten Kabulgo agintetik AEBek zuzenduriko inbasio bati esker.

«Garai berri batean sartuko gara Afganistanen», esan zuen, bestalde, NATOko idazkari nagusi Andres Fogh Rasmussenek. Lisboako gailurra «historikoa» izango dela ere gaineratu zuen.

Portugalgo hiriburuan NATOko 28 kideekin batera, Afganistanen tropak dituzten beste 20 estatuk eta Japoniak ere hartuko dute parte. Hamid Karzai bera ere Lisboan izango da.

Afganistandik alde egitearen erabakia bat dator bertan tropak dituzten Europako herrialdeetan nagusi den iritziarekin, operazioarekin oso kritikoa baita europarren gehiengoa. Kontuan izan behar da aurten 650 soldadu hil direla jada Afganistanen.

mugak itxita

Dagoeneko 50 atzerritar ingururi galarazi diete Portugalen sartzea. NATOko gailurra dela-eta astearteaz geroztik ari dira kontrol bereziak egiten herrialdeko mugetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo