Rivas, bere talde ohiaren aurka dirdira egin nahian
GARA | DONOSTIA
Realean jarraituko ote duen edo ez galdetu ohi zaio azken asteotan Diego Rivasi, baina asteburu honetan bere talde ohi Atletico Madrilen aurka jokatu behar du talde donostiarrak, eta, hala, hurrengo partidako protagonista bilakatzen hasi da erdilaria.
«Atletico Madrilen futbolari izateko pausuak ematen hasi nintzen, eta, beraz, beti da berezia talde honen aurka jokatzea. Motibazio berezia ematen du», adierazi zuen. Horrez gain, Gaztela-Mantxako jokalariak Quique Sanchez Flores Realaren arerioaren entrenatzailea ere gogoan ukan zuen: «Getafen nengoela ezagutu nuen eta bistan da lan ona egiten ari dela. Izan ere, atzean gogorrak eta aurrean zorrotzak dira».
Baina sentimenduak sentimendu, Ciudad Realeko erdilariak badaki talde txuri-urdinak irabazi beharreko neurketa dela igandekoa, are gehiago Herculesen aurka eskuan zuten partida galdu ostean. «Bi akats puntualen erruz galdu genuen Alacanten. Erabat kontrolpean geneukan partida galdu genuen».
Ez zuen Herculesen aurka jokatu, baina baliteke David Zurutuza Atletico Madrilen aurka berriz ere Martin Lasarteren hamaikakoan izatea, taldekideekin normaltasunez ari baita entrenatzen astelehenaz geroztik. Joseba Llorente, aldiz, zalantza da iganderako. Hondarribiko aurrelariak gainkarga bat du eta azken unera arte ez da jakingo zelairatu ahal izango duen.
Kun Agüero Atletico Madrilen aurrelari argentinarra ere zalantza izango da, eskuin izterrean min harturik baitago. Aldiz, Diego Godin atzelaria berreskuratu du talde madrildarrak.