GARA > Idatzia > Mundua

Kronika | Alemaniako Berdeen congresua

Inkestak lagun, 2011rako leiha prestatzeko bilkura

Olatu gainean da Alemaniako Alderdi Berdea; hala erakusten dute bederen inkestek. Hortaz, une egokia dirudi, historikoa izan daitekeen 2011. urteko estrategia diseinatzeko, gaur hastekoa den kongresuari ekiteko.

Audrey KAUFFMAN France Presse

«2011. urtea, Berdeen historiako arrakastatsuena izan daiteke», adierazi zuen publikoki duela ez asko Claudia Roth-ek, 1980an jaio zen alderdi honetako lehendakarikideak.

Feministak, nuklearren aurkakoak, bakezaleak eta beste hainbat korrontetako kideak biltzeko asmoa izan zuen alderdi honen ospea nabarmen igo zen iragan urtean; Angela Merkel kantzilerra buru duen koalizio kontserbadore-liberalaren datuekiko proportzionalki alderantzizkoa.

2009an egin ziren legegintzarako hauteskundeetan, botoen %10,7 baino ez zituzten bildu. Egun, ordea, ia aho batez onartzen da bikoitza eskuratuko luketela, bozen %20-25, alegia.

Politologoen iritziz, «pozik ez dauden hautesleentzako, alternatiba» dira edota itxaropena irudikatzen dute, oposizioko sozialdemokratek bizi duten «sinesgarritasunaren galeraren» aurrean. SPD alderdia Berdeekin izan zen agintean zazpi urtez (1998-2005), eta Merkelen CDU-rekin koalizioa eginez beste lau urte eman dituzte gorenean (2005-2009).

Izan dituzten aukerei ez diete ihes egiten utzi eta horiei atarramentua ateratzen jakin dute, esaterako, Berlinek zentral nuklearren bizitza luzatzeko hartutako erabakiari. SPDren baitan desengainatuta zeudenak bildu ondoren, liberalen eta kontserbadoreen artean ere jarraitzaileak lortu dituzte. Bi urtetan, 6.000 militante baino gehiago atxiki dira Berdeen zerrendetara.

Zita freiburgen

Era sinbolikoan, alderdi honetako 800 kide bilduko dira, gaurtik igandera arte, Freiburgen, alkate ekologista duen Alemaniako hiri bakanetakoan. Bade-Wurtembergeko estatuan dago hiria eta eskualdeko indarrik bozkatuena izatea espero dute berdeek. Martxoaren 27an dute hitzordua hautestontziekin eta, haien aurreikuspenak beteko balira, estreinakoz lortuko lukete 16 eskualdeetako batean agintean egotea.

Barometroek bozen %30 baino gehiago eskuratuko dutela aurreikusten dute.

Ez da hori duten erronka bakarra, Berlingo hiri-estatuan gailentzea ere espero baitute. Egun, Klaus Wowereit sozialdemokrata dago karguan, eta haren lekua hartzeko hautagaia Renate Künast da, Parlamentuan Berdeen buru eta Gerard Schröderren (SPD) Gobernuan Nekazaritza ministro lanak egindakoa.

Azterketek islatzen duten goraldiaren aurrean, alderdiak «hankak lurrean» dituela ziurtatzen du.

«Inkestek giroa neurtzen dute, baina inork ezin du aurreikusi bozkatzerakoan hautesleek izango duten jarrera», nabarmendu zuen Nils Diederich politologoak.

Merkelek ez du dena galdutzat eman, eta gudarako prest dago. Haren esanetan, CDUren eta Berdeen arteko aliantza «ameskeria» litzateke.

Hezkuntza, ingurumenaren defentsa edota homofobiaren aurkako borroka dira, gehienbat, Berdeen ikur; eskuineko oposizioak ekonomia gaietan duten ahuldura salatzen du.

«Badakigu ardurak zein lekutan hartzen ari diren, erronka berriei aurre egiten ari gara eta gure programa guztia egokitu beharra» dagoela aitortu dio Künastek «Die Welt» egunkariari.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo