GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herrian Euskarazek kalejira koloretsuekin abiarazi du Ezabaketa Astea

Euskarak irakaskuntzan duen presentzia eskasa salatzeko kalejira aldarrikatzaileak egin zituzten atzo Donostian eta Iruñean EHEk antolatuta. Ondoren, elkarretaratzeak egin zituzten bi hiriburuetan. Ekimen horiekin urtero egiten duten Ezabaketa Asteari hasiera eman dio EHEk.

P022_f01.jpg

Nagore BELASTEGI |

Datorren larunbatera arte iraungo duen hizkuntza eskubideen aldeko Ezabaketa Astea hasi zuen atzo Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Duela hiru ha- markada hasitako bidearekin irakaskuntza arloan euskara bermatzea lortu nahi dute.

Atzokoan, Ezabaketa Asteari hasiera emateko kalejirak egin zituzten Donostian eta Iruñean. Eguerdian hasi ziren hiriburuetako kaleetako gaztelaniazko seinaleak pegatinekin estaltzen. «Hizkuntza zapalkuntzaren aurrean, eskola euskalduna!» lelopean, kalejira aldarrikatzaileetan parodiak egin zituzten. Izan ere, Iruñean Nafarroako Hezkuntza kontseilari Alberto Catalanen mozorroak eta Donostian Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Hezkuntza Sailburu Isabel Celaarenak jantzi zituzten.

Donostian zein Iruñean, 12.30ean, elkarretaratzeak egin zituzten UPN eta PSE-EEren egoitzen aurrean. Hiri bakoitzean 50 euskaltzale inguru bildu ziren.

Ekimenak, aste osoan

Iaz lurralde zatiketa eta bertatik eratorritako hizkuntza politiken ondorioak azalerazteko helburuarekin ekin zioten Ezabaketa Asteari. Aurten, berriz, ideia horretan sakonduko dute irakaskuntzaren alorrari leku berezia eskainiz, betiere aurreko urteotako helburuak ahaztu gabe.

EHEren ustez, euskararen aurkako erasoa eskolatik bertatik hasten da, ikasleen euskalduntzeko eskubidea urratuz. Nafarroa Behera, Lapurdi eta Zuberoan, euskararen ofizialtasuna baztertzeaz gain, irakasle euskaldunak egotea ere ez dute bermatzen.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, A, B eta D ereduek huts egin dute talde euskaltzalearen aburuz, ikastetxeetatik ateratzen diren hiru ikasletik bik ez baitute euskara behar bezala menperatzen. Gainera, ingelesa euskararen kaltetan indartuko duen eredu bat ezarri dutela salatu dute. Nafarroa Garaiari dagokionez, Euskararen Legean oinarrituta hizkuntza eskubideak hiru eremutan banatzeaz gain, A, B eta G ereduen porrotaren ostean, HELLO eta TIL ereduak ezarri dituzte orain.

EHEk aste guztian prestatu ditu ekimenak Euskal Herri osoan zehar. Azaroaren 26an, esaterako, Donibane Lohizune eta Ziburu artean, UMPko Michelle Alliot Marieren etxe ondoraino eramango dute bertso-ezabaketa poteoa 18.00etatik aurrera.

Horrez gain, eskuorri banaketak, bazkariak, mural margotzeak, bideo emanaldiak, kalejirak eta abar egingo dituzte azaroaren 27ra bitartean. EHEk hizkuntza zapalkuntza agerian uzteko tokian tokiko ekimenetan parte hartzeko deialdia luzatu die herritarrei.

D eredua nagusi

D ereduaren alde egin dute Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen %75ek. Isabel Celaaren Hezkuntza Sailak, bien bitartean, eredu hirueledunaren alde egin du euskararen kaltetan.

Eleaniztasuna

EHEren ustez, hizkuntza gehiago ikasteak ez du zertan euskararen kalterako izan behar. Hori bai, horretarako, Euskal Herriak ikasle euskaldun eleanitzak sortuko dituen eskola behar duela uste du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo