GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lurralde hizkuntzek babesik gabe gelditzeko arriskua dute

N. B. |

Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak harridura adierazi zuten atzo lurralde hizkuntzen babeserako lege proposamen baten lanketa bertan behera geldi daitekeela jakitean.

Lurralde hizkuntzen legea 2008an Konstituzioan sartu zenetik, Gobernu frantsesak hizkuntz legea ez dela beharrezkoa esan izan du behin eta berriz. Hala ere, Konstituzioaren aldaketak deklinabide juridikoa behar zuela pentsatzen zuten 70 diputatuk indarrak batu zituzten lege proposamen bat prestatzeko asmoz.

Hilabete ugari eman dituzte testu hori prestatzeko lanetan, eta Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak begi onez ikusten zuten elkarlan hori, tendentzia politiko guztietako politikariak biltzen ari baitziren lan bat egiteko. Elkarteek lurralde hizkuntzen berreskurapena guztien afera dela deritzote, ez baitu inolako interes politikorik.

Aste honetan bertan, Marc Le Fur diputatuaren adierazpen batzuen bidez, jakin izan dute UMPko diputatuek ekimena bertan behera uzteko asmoa dutela hilabetetako lana desagerraraziz. Horren aurrean, elkarteek Intergroups ekimeneko diputatuei lege proposamena elkarlanean lantzen jarrai dezaten eskatu nahi diete, baita Iparraldeko Poulou eta Grenet diputatuei egoera konpontzeko ahalegina egin dezaten ere. Elkarteek ezin dute sinetsi «lurralde hizkuntzen milaka hiztunen eskaerak eta beharrak hain arinki desager daitezkeenik».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo