KIROL ESKALADA Lehiaketak
Euskal selekzioa bikain aritu da Espainiako Kopan
Madrilen jokatutako probarekin amaitu da Espainiako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak antolatutako lehiaketa. Euskal Mendizale Federazioaren selekzioak iaz erdietsitako podium kopurua bikoiztu du.
Andoni ARABAOLAZA
Ingurumari honetan antolatzen diren eskaladako lehiaketek ateak itxi dituzte dagoeneko. Euskal eskalatzaileen azken hitzordua Espainiako Kopako hirugarren eta azken proba izan zen. Madrilen jokatu zen, eta azpimarratzekoa da bi euskal jubenilek eginiko lana: Itziar Zabalak eta Jonbe Agirrek koska bat egin dute gora. Biek ala biek beren mailan zein seniorretan jardun zuten. Zabala, adibidez, 18 urtez azpikoetan irabazle izan zen, eta, nagusien mailan, bosgarrena. Agirre, berriz, 20 urtez azpikoetan nagusi izan zen eta seniorretan zortzigarren lekuan amaitu zuen; gainera, aipatzekoa da finalerdietako bidea kateatu zuela.
Euskal Mendizale Federazioaren (EMF) selekzioko beste kideen jardunari dagokionez, Miriam Mulas laugarrena izan zen 16 urtez azpikoetan, Omar Ben Ali ere laugarrena izan zen 18 urtez azpikoetan, Joan Ander Bravo hirugarrena 20 urtez azpikoetan eta Itziar Rodriguez eta Gorka Karapeto laugarrenak helduen artean.
Sailkapen nagusian ere postu bikainak erdietsi zituzten. Mulas laugarren sailkatu zen, Zabalak irabazi egin zuen (hiru probetan nagusitu zen), Jone Martinez eta Bravo hirugarrenak izan ziren, Agirre bigarrena, Rodriguez laugarrena, Patxi Usobiaga bosgarrena eta Karapeto seigarrena.
Harrobia, primeran
Bada Madrileko probarekin amaitu da Espainiako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak (FEDME) antolatutako zirkuitua. Hori dela eta, EMFren selekzioa zuzentzen duen Josean Mulasekin hitz egin nahi izan dugu. Oro har, oso gustura dago selekzioko kideek eginiko lanarekin: «Nagusietan zein jubeniletan maila ederra eman dugu. Podioum asko lortu ditugu eta ia gehienak finaletan izan dira. Podiumei dagokienez, iazko kopurua bikoiztu dugu».
Gazteen maila ezberdinetan eginiko lanarekin oso pozik dago: «Kontuan hartu behar da federazio guztiek gero eta indar eta gogo gehiago jartzen dituztela harrobian. Orain arte, katalanak eta gu geu ginen nagusi, baina beste batzuk ere lan polita egiten ari dira; hala, emaitza ikusgarriak lortu dituzte. Jakina, hori guztia aurrera eramateko denbora eta dirua behar dira».
Mulasek baieztatu digunez, 16 urtez azpikoen lehiek oso maila handia izan dute: «Nik uste dut 18 eta 20 urtez azpikoen maila baino sendoagoa dela. Miriam oso ondo dabil; beste maila batzuetako ordezkarien pare dago».
18 urtez azpikoen mailan, berriz, argi geratu da nesketan Zabala dela erregina: «Zirkuituko proba guztiak irabazi ditu, eta dagoeneko nagusien mailan muturra sartzen ari da. Uste dut etorkizun handia duela. Mutiletan, Omar eta Kepa bide onetik doaz; eskarmentu gehiago falta zaie. 20 urtez azpikoetan Beñat eta Jon Ander indartsu daude. Oro har, uste dut harrobi bikaina eta etorkizun oparoa ditugula».
Azkenik, seniorretan, batez ere mutiletan, oso-oso maila handia dagoela baieztatu digu Mulasek.
Selekzioaren zuzendari Josean Mulasek euskal ordezkariek emandako maila oso ona izan dela uste du. Gazteei dagokienez, ziur da etorkizun oparoa dutela.