Txutxu-mutxuak: Slater eta prentsa arrosa
Surflari ernegatua
Slaterren neska lagunen aferak, surflaria prentsa arrosaren jo puntuan kokatu izan du. David Beckham-en pare agertu izan da aldizkarietan, egunerokotasunean egin ohi diren gauzak egiten, neskarekin paseatzen, jatetxe batera joaten eta abar.
2005ean Cameron Diaz ezagutu zuen, Hondurasen MTVko show batean parte hartzen ari zela. Pare bat urte geroago, elkarrekin agertu ziren aldizkarietan, bikote moduan. Hawaiin, Cameroni surfean erakusten agertzen zen aldizkarietako argazkietan eta jarraian batak bestearekiko esandakoak agertzen ziren. «Surf irakasle bikaina da», batak, «ikasle bikaina da», besteak, eta antzerako iruzkinak.
Dirudienez, Slaterrek, Leonardo Di Caprio aktore famatuaren antzeko gustuak ditu, biek modelo berak dituzte gustuko. Biek izan dute harremana Gisele Bundchen modelo brasildarrarekin eta Bar Refaeli israeldarrarekin. Gainera, azken honekin izandako harremanean biek izan zituzten arazoak paparazziekin eta Israelgo poliziekin.
Leonardok iskanbila itzela izan zuen Jerusalemen argazkilari batzuekin eta poliziak bertaratu behar izan zuen. Slater berriz, Tel Aviven atxilotu eta ordu batez atxikita izan zuten, jatetxe baten irteeran paparazzi bati eraso egin ziolakoan.
Slaterrek Israelen egin zituen hiru egunetan afera gehiago ere izan zituen. Surfing For Peace eta One Voice taldeekin egotekoa zen. Dorian Paskowitzek, 86 urteko gizonak, gonbidatu zuen, kirol honen bitartez ume palestinarrak eta israeldarrak batzeko asmoz. Surflari aparta izateaz gain, pertsona aparta izateko ere prest zegoen galdetu zion. 75 urtez surfean aritu zen Paskowitzek dozena bat surf taula oparitu zituen Gazako surflarien artean, baina ez zuen Kelly eramatea lortu.
Kellyk Tel Aviveko hondartzan kontzertu bat eman zuen ostiral gauean, larunbatean bisita turistikoak egin zituen eta igandean etxerako buelta hartu zuen. Ez zen Gazako kostaldera gerturatu ere egin.
Horiek eta antzeko kontuak ere izan ditu Slater izarrak. Surf eremuetatik haratago zeresanik eman duen kirolaria, beraz. Orain ez dago argi zer egingo duen, lehiatzen jarraituko duen ala ez, baina ikusitakoak ikusita, zeresana ematen jarraituko duela dirudi.