GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Andoni Olariaga Filosofian lizentziatua

Biolentziaren eztabaida eta pazifismoaren eraginkortasun eza

Oso larria da legalizazioa ahalbidetzeko kondena baldintzatzat jartzea; kultura inkisitorial espainoletik (hori ere biolento!) egiten baita

Egunkaria zabaldu, eta notizia hau irakurtzen dut egunero: X-k (berdin zait nork: PSOEk, Aralarrek, Lokarrik...) ezker abertzaleari eskatu dio ETAren biolentzia kondenatzea eta haren kontrako diskurtsoa gogortzea. Eta, amorruz, pentsatzen dut: nortzuk ote dira X hauek inoren kontzientzia bortxatzeko? Vatikanoko capo berriak? Amorrua arrazionalizatu ondoren, hobeto pentsatu eta ondorio honetara heldu naiz: frankismo soziologikoan gaude berriz ere; pazifismoaz mozorrotutako artxikatolizismo espainolean. Etsaiaren moral bikoitza onartu, eta kontzientziaren bortxa frankista inposatzen da berriz ere. Baina, estatuaz gainera, gure herriko hainbat alderdi eta erakunde «abertzalek», betikoek zein orain hamar urte sortutakoek, kontzientziaren bortxa berbera inposatu nahi dute. Eslogan erlijioso zahar-berriekin datozkigu, beraz: «bide pazifikoak dira zilegi eta eraginkor bakarrak», «biolentzia kondenatu behar da», eta abar predikatuz. Bigarren hori, ordea, ez da kontzientziaren bortxaketa besterik.

Horretaz gain, behin eta berriz entzuten ari gara biolentziarekin ezer ez dela lortzen, eta kasik fede itsu batekin esaten zaigu politika dela bide zilegi eta eraginkor bakarra (gero politika bide pazifikoekin berdintzen da absolutuki, biolentzia ez-politikoa balitz bezala!). Eta bide pazifikoetatik jarraituz oztopo guztiak gainditu, eta herri hau bihar askea izango dela sinetsita daude. Nondik dator fede hori? Eslogan inuzente hura gizakiaren historia urrun eta hurbilarekin gaizki lotzen den printzipio metafisiko hutsa da. Biolentziarekin ezer ez dela lortzen sinestea historia eta historiaurrea (eta errealitatea!) ukatzea da, geroz eta erlijiosoago (absolutuago) predikatzeagatik eta ozenago oihukatzeagatik egiago bihurtzen ez dena. Zeren eta nola izan da Espainia eraikia? Zenbat «demokrazia» daude munduan bortxarekin lortuak izan ez direnak? Zenbat giza eskubide lortu dira gizakiaren historian biolentzia erabili gabe? Zenbat?

Bakea nahi duenak ezin ditu txorakeria horiek esan. Daukagun historia eta gizartea daukagu, ez izatea gustatuko litzaigukeena. Eta daukaguna eta izatea gustatuko litzaigukeena nahasten ditugu berariaz. Izan ere, gizakiaren historian, de facto, bortxa bidez lortu izan dira emaitzak politikan, tamalez. Hortaz, bake bideak eraginkorrak badira, zergatik du Espainiak bere batasuna bermatzeko hainbeste polizia? Zergatik torturatzen du? Zergatik du armada bat...? Bere batasuna mantentzeko bide pazifikoak onenak badira, zergatik? Esaiozu estatuari ezetz, erratua dagoela eta bide pazifikoak onenak direla, eta, beraz, haren konkista, genozidio eta errebolta anti-ilustratu guztiak hain gloriosoki kontatzen dituzten historia liburu guztiak erretzeko, eta deuseztatzeko kartzelak eta armada, bere batasunari eusteko bide pazifikoak omen direlako eraginkorrenak. Segur aski tenteltzat hartuko zaitu.

Bestelakoa da, ordea, bakea tresna efikaz izateko baldintzak eraiki nahi izatea. Baina egungo gizartean ez daude horretarako baldintzak sortuak, hori da problema. Hori eta bakea ez dela berariaz eta ezinbestean egon behar duen zerbait (batzuek haizea bezala egon behar den zerbaiten gisara predikatzen digute-eta!), bakea egin egin behar da, eta bakea -ergo justizia- izateko baldintzak sortu egin behar dira. Hau da, bakea ez predikatu, baizik eta egin, eraiki egin behar da. Eta, beraz, bakea ez da egiten bortxa oro ez zilegitzat kontsideratzen duen etika elizkoi bat predikatuz (bestela, kontsekuentea izanez, ez ordaindu armadaren sostengurako zergak, eta ez parte hartu tortura sostengatzen duten instituzioetan, edo itxi armagintza enpresak). Aldiz, baldintzak sortu behar dira indarkeriarik gabeko politikek eragina izan dezaten, eta, horrela, inork indarkeria zilegitzat har ez dezan. Hau da, desagerrarazi dezagun (gure kasuan) batzuek biolentzia zilegitzat kontsideratzeko izan duten motibo hori (Euskal Herriak ezin du bere etorkizuna demokratikoki erabaki, berdin frankismoan nahiz «demokrazian»). Bide horretan, predikuak baino, politika eraginkorrak egiteko ordaintzen zaio politikariari. Horretarako bozkatzen dugu (permititzen zaigunean), ez errealitatearekin lotzen ez diren eslogan tentelen arrosarioa errezatzeko!

Indarkeria, beraz, lehen-lehenik errealitate bat da nahiz eta XXI. mendean egon! Ez beste ezer. Izan ere, batzuk asaldatu egiten dira XXI. mendean tortura posible dela ikusita. XXI.ena izate hutsagatik derrigorrez demokratikoagoa edo aurreratuagoa izan beharko balu bezala. Baina hau ez da biolentzia justifikatu nahi izatea, baizik eta XXI. mendean oraindik biolentziak duen garrantziaz jabetzea. Ez gara tentelak. Armak, biolentzia eta gizon-emakume armatuak gorroto ditugu, baina ez gara hain inuzenteak armak gaur egun duten garrantziaz ez jabetzeko. Gaurko munduan, atzokoan bezala, geroz eta arma gehiago izan, boterea ere handiagoa da (ustezko bakezale askoren negozioa ere bai, halaber).

Errealitate hori, beraz, hor dago. Zer egin haren aurrean? Politikariek indarkeriaren aferari Rouco Varelak eta Benedictok predikatzen duten etika absolutu horrekin aurre egin nahi izatea ez da duina (gizartea laikoa dela esango dute gero...). Zer gizarte mota eraiki nahi da horrela?

Kultura dogmatiko-katoliko arnastezin batean bizi gara. Afera, bere garaian bezala orain, kontzientzian sartzen den estatu artxikatolikoaren eta haren guardako aingeruen autoritarismoa da. Izan ere, noiz arte errepikatu beharko dugu estatuak bizitza soziala soilik arautu dezakeela, baina inolaz ere ez kontzientzia? Eta noiz ulertuko dugu inork pentsa eta arrazoitu dezakeela herri batek defentsarako eskubidea duela (armekin, adibidez), baina orain agian ez dela eraginkorra (eta horregatik errefusatzen duela politikoki, baina ez moralki -hori txorakeria baita-), eta abar, eta hori ez dela kondenagarria? Hau da, pentsatu, edozer pentsa daiteke, baita biolentzia zilegi dela ere, eta hori inork ezin epaitu dezake politikoki, gutxiago moral elizkoi batetik, eta are gutxiago baldintza bezala jarri instituzioetan parte hartzeko. Oraindik ere larriagoa da alderdi abertzale batzuk ezker abertzalearekin biltzeko kondena baldintzatzat jartzea, edota Batasunaren legalizazioa ahalbidetzeko baldintza bezala onartzea; kultura inkisitorial espainol (hori ere biolento!) batetik egiten baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo