Eskubaloia Europako Errekopa
San Antonio final-zortzirenetan da Doukas bigarrenez birrindu eta gero
SAN ANTONIO 35
AC DOUKAS 20
GARA | IRUÑEA
Amaya Sport San Antonio Europako Errekopako final-zortzirenetan da atzo Iruñean jokatutako itzuliko neurketan Doukas talde greziarra 35-20 jipoitu eta gero. Heleniarrek hala eskatuta kanporaketaren bi norgehiagokak etxean jokatu ditu Juanto Apezetxeak zuzenduriko taldeak, eta ez du aparteko zailtasunik izan txapelketan aurrera egiteko.
Iruindarrak, joanekoan lortutako zortzi goleko errenta kudeatzera mugatu beharrean, garaipena eskuratzeko intentzio garbiarekin kantxaratu ziren. Hala, defentsa gogorrean oinarrituta, egundoko sarraskia eragin zuten Gedeon eta Albertok kontraerasoan. Horiek horrela, lehen zatia amaitzerako dema guztiz erabakita zegoen.
Partidaren aurreneko minutuetan, ordea, greziarrek estu hartu zituzten nafarrak, eta batik bat Mountzouridis eta Mastorogiannisen golei esker bizirik mantendu ziren markagailuan (8-7). Hortik aurrera, aldiz, talde bakarra izan zen kantxan: San Antonio.