GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Azaroaren 25a, zilegi

Etzidamu, azaroaren 25ean, Emakumeen Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna izango da. Bestelako nazioarteko egunetan bezala, ostegunean ere hainbat erakunde adierazpen, ekitaldi eta erronka zerrenda izango dira. Balioa dutelakoan, egun zehatz batean baino ez bada ere, aurrera begirako hausnarketa kolektiboa sustatzeko eraginkorra delakoan.

Badago halako egunei zentzurik ikusi ez eta hipokresia erakusketa besterik ez dela uste duenik; egun horretan «tokatzen» delako mobilizatu, jendarte justuagoaren aldeko sentitu, eta, pertsona konprometituaren gutxieneko eginkizuna beteta, lasai asko geratu. Biharamunean ohiko bizitzari helduta aurreko eguneko asmo onak norberaren kontuek desagerrarazita. Eta badago enteratu ere egiten ez denik, eta, enteratuta ere, bost axola zaionik. Bestalde, badago halako egunen balioa eta premia onartu eta bultzatzen duenik.

Halakoa baita jendartea, heterogeneoa eta anitza. Pertsona bakoitza bere kezka eta sentsibilitateak dituela bizi da, egun zehatzik gabe egunero, gehiago edo gutxiago sartuta kolektibitateari eragiten dioten gaietan. Gehiago edo gutxiago sentituta kolektibitateak norberarengan duen eragina, eta, horretaz ohartuta ere, partaidetzaren balioa eta eragin dezakeen botere zibila sinesgaitz ikusita. Hortaz, ondorioak dituzten erabakiak hartzeko benetako boterea dutenengan eragiten saiatzea alferrikako ahalegintzat jota.

Nire ustetan, kontu gutxi egongo dira kolektibitateari hainbeste eragiten diotenak emakumeen kontrako indarkeria bezala. Jendarte ereduan baitu oinarria, egun berezirik gabeko egunerokotasun horretan, hain zuzen, geure jarrera eta jokamoldeekin mantendu eta garatzen duguna, aldatzen hain zaila eta motela dena, ez baitira barneko eskemak egun batetik bestera puskatzen eta berreraikitzen. Ez baita erraza belaunalditik belaunaldira transmititzen denari uko egitea. Beraz, argi dago emakumeen kontrako indarkeria ez duela urteroko egun bakar bateko hausnarketak eta mobilizazioak konponduko, horretarako hainbat faktoreri eta esparru anitzetik heldu behar baitzaio, egunero, bai zehaztasunetik, bai osotasunetik begiratuta.

Hala ere, luzaroan isilarazia eta ezkutukoa izan den indarkeriaz ari garenean, etxeko lau pareta artera mugatua pribatutasunaren izenean, premiazkoa da kalera ateratzea, arazoa nabarmenki ikusgai jartzea. Biktima ugari utzi dituen eta uzten jarraitzen duen indarkeriaz ari garenean, azken datuak horien kopuruak behera egin barik handitu egiten ari dela erakusten ari zaizkigula, nahitaezkoa da denok esku hartzeko beharra azpimarratzea. Ezinbestekoa den moduan, edozein arazo konponduko badugu, arazoa, eta larria, dugula onartzea.

Hain zuzen, horretan datza, besteak beste, azaroaren 25aren zilegitasuna. Arazoa ikusgai eta aztergai jartzen du, kolektiboaren kontzientziara ekarrita, horren inguruan egiten ari dena eta egin beharrekoa plazaratuta; bestalde, aspaldiko tratamendutik urrun, biktimak eta borreroak identifikarazten ditu, inguruan ditugula nabarmenduta, eta lehenengoak ahaztu barik aintzat hartzen dituelako, behintzat, balio handia du azaroaren 25ak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo