Xabi Irastorza, Iker Elexpuru eta Arantza Fdz. de Garaialde ELAko, LABeko eta STEE-EILASeko ordezkariak, hurrenez hurren
Lanpostuen murriztea, ordezkapenen atzeratzea, lan zamaren gehitzea... Hezkuntza publikoa jomugan!
Krisia nola kudeatu nahi duten argi utzi dute: krisiaren kostua langileon lepora zamatuz eta zerbitzu publikoak ahulduz
Eusko Jaurlaritzari eta modu berezian Hezkuntza sailburuari, behin eta berriro, hezkuntzaren garrantziari eta kalitateari buruz, proiektu izar eta baliabide berriei buruz hitz eginez ahoa betetzen bazaie ere, egunerokoan ikasgeletan lanean ari garen langileok, gurasoek, zentroetako zuzendariek baita ikasleek beraiek ere ongi dakigu errealitatea oso bestelakoa dela.
Propaganda ugariz estaltzen saiatu den arren, Jaurlaritza honek hezkuntzan murrizketak baino ez ditu aplikatu. Joan den ikasturte amaieran CCOO eta UGTrekin lorturiko akordio lotsagarria oinarri hartuta, langileen soldatak eraso bazituzten, ikasturte honen hasieran, akordio berean oinarrituta, lanpostuak murriztu dituzte, ordezkapenak atzeratu, lan zama gehitu, behar berezietako ikasleentzat baliabideak gutxitu, euskalduntze baliabideak ahuldu... Esan beharrik ere ez dago erabaki hauek guztiek hezkuntzaren kalitatean duten eragina eta eskola publikoa indartzeko bidean suposatzen duten atzerapausoa.
Berriki entzun dugu Isabel Celaa sailburua komunikabideetan 1.000 irakasle-lanpostu berri sortuko dituela haizatzen. Errealitateak, ordea, bestelakoa dio.
Iazko datuekin erkatuta, Haur eta Lehen Hezkuntzan 3.464 ikasle gehiago daude (199 gela gehiago). Honek esan nahi du aurreko ikasturteetako irakasle-gela proportzioa mantenduz 350 lanpostu gehitu beharko lituzkeela Departamentuak. Hazkunde erreala, ordea, 80koa besterik ez da izan, hau da, berez hazi beharko lukeena baino 270 irakasle gutxiagokoa.
Bigarren Hezkuntzan egoera are larriagoa da: 2.121 ikasle gehiago ditugu; beraz, aurreko ikasturteetako proportzioak mantenduz, 400dik gora irakasle gehiago beharko lirateke, baina Hezkuntza Sailak 262 irakasle kendu ditu! Propagandatik haratago, zenbakiok argi adierazten dute Eusko Jaurlaritza irakaskuntza publikoan egiten ari den murrizketaren tamaina.
Ordezkapenetan ere egoera larria da, lan hitzarmen berriaren ondorioz, irakasleon ordezkapen gehienak bosgarren edo seigarren egunean ari dira betetzen, eta bitartean eskolan, ikasleak klaserik gabe eta zaindu beharrean.
Atzerapauso onartezina dugu hau, eskolaren egunerokoa zaildu, zuzendaritza taldeen egitekoa korapilatu eta irakasleen, hezitzaileen eta hezkuntzako gainerako langileen lan zama handitu egiten duena. Ikasleak eta gurasoak ere zuzenean dira kaltetuak, dagokien irakasle gabe egunak eta egunak ematen dituztelako, eskola-orduak galduz. Eraginkortasunaren eta hezkuntza-kalitatearen mesedetan, ordezkapenak behar bezala lehen egunetik bete behar dira.
Ondorioz, Jaurlaritza irakasle eta irakasle ez diren hezkuntzako langileei aplikatzen ari zaien murrizketak direla medio, lan prekarietatea areagotu egin da irakaskuntzan, bereziki ahulena den langile taldean, langile interinoen artean, alegia. Berauek dira lanpostu murrizketen, ordezkapenen atzeratzearen eta gainerako murrizketen ondoriorik larrienak jasaten ari direnak, noiz eta langile premia eta hezkuntza beharrak inoiz baino handiagoak direnean.
Hezkuntza Saila errealitatea estali eta itxuraldatzen saiatzen bada ere, langileok ondo baino hobeto dakigu hartutako erabakiek eta ezarritako murrizketek eragin zuzena dutela hezkuntzaren kalitatean. Erabaki hauen ondorioz, eskola publikoa ateratzen da ahulago eta galtzaile, besteak beste, lekuan lekuko proiektuak, berrikuntza asmoak, didaktika hobekuntzak eta abar nekez eraman baitaitezke aurrera baldintza hauetan.
Aurreko ikasturtetik egoera hau salatzen dihardugun sindikatuez gain, jakin badakigu beste eragile ugari ere egoera honen aurrean kexak eta protestak gauzatzen ari direla, eta ekimen horiek babestu eta txalotzen ditugu, bizirik dagoen hezkuntza sistema baten erakusgarri baitira.
2010 honetan, tamalez, irakaskuntza publikoan atzerapauso larriak gertatu dira, Eusko Jaurlaritzak bultzatu dituen murrizketen ildotik. Krisia nola kudeatu nahi duten argi utzi dute: krisiaren kostua langileon lepora zamatuz eta zerbitzu publikoak ahulduz. Harturiko neurri hauek guztiek gezurtatu egiten dute, agintean daudenek esaten duten moduan, hezkuntzak lehentasunezko trataera duela. Guztiz bestela, Hezkuntza Sailaren erabakiek, CCOOk eta UGTk gutxiengoan sinatutako Lan Hitzarmenaz lagunduta, larriki ari dira irakaskuntza publikoa, bertako langileak, ikasleak eta gurasoak kaltetzen.
Horregatik guztiagatik, hezkuntzan gehiengo sindikala osatzen dugun STEE-EILAS, LAB eta ELA sindikatuok eraso hauei aurre egin eta erantzuteko beharra ikusten dugu, eta horretarako deia egiten diegu hezkuntzako langile eta eragile ezberdinei. Zerbitzu publikoak indartuko dituen politika exijitzen dugu eta irakaskuntza publikoan horren alde borrokatzeko dinamikak jarriko ditugu martxan.