GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kontseilua «bidaiari ekiteko prest dago», antolatutako jardunaldiak amaitu ondoren

«Euskararen unibertsoak pauso bat harago» hitzaldi sorta atzo amaitu zen. Ruben Beitia (EMUN) euskararen arnasguneei buruz aritu zen, eta adierazi zuen hizkuntza zabaltzeko komunitatea trinkotu behar dela.

p014_f01_149x105.jpg

Nagore BELASTEGI | IRUÑEA

Kontseiluak Iruñeko planetariumean antolatutako «Euskararen unibertsoak pauso bat harago» jardunaldiak atzo amaitu ziren. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak esan zuen gauza asko zehaztu direla iraun duten bi egunetan eta «bidaiaren helmuga ezagututa, bidaia horri ekiteko prest» dagoela erakundea.

Jardunaldien azkeneko hitzaldia EMUNeko Ruben Beitiak eskaini zuen eta euskarazko arnasguneen inguruko hausnarketak guztiekin partekatu zituen. Bere ustez, «hizkuntza komunitatea trinkotzea da hiz- kuntzaren lurraldea zabaltzeko bidea». Horretarako, eguneroko bizitzan erabiltzen den ahozko hizkuntza informala zabaldu behar dela adierazi zuen.

Arnasguneak euskaldunak euskaraz bizi diren eremuak dira. Eremu horiek lurraldearen arabera edo funtzioen arabera sailka daitezke, hau da, pertsona batentzat euskarak duen funtzionaltasuna aztertuz. Beitiak azaldu zuen arnasguneak oinarrizko egoeretan sortzen saiatu behar dela.

Arnasguneak indartzeko esparru txikietatik hasi beharra dago, egunerokotasuneko egoerak ematen diren esparru batetik, hain justu. Adibide gisa, enpresa bat hartu zuen Beitiak. Bere iritzian, hiztunak dira abiapuntua, eta bost multzotan banatu zituen horiek.

AB hiztuna txikitan euskara ikasi duena da, eta gainera motibazioa du eta erabili egiten du. BA hiztunak ez du euskara txikitatik ikasi, baina motibazioa duenez, ikasi egiten du eta gero erabili. A hiztuna txikitan ikasi eta erabiltzen duena da, baina ez du hezkuntzarik jaso. B hiztunak txikitatik ikasi ez duenez, gero hezkuntza jaso du, baina oraindik ez du erabiltzen. Azkenik, zero hiztuna dago, hau da, erdaldun elebakarra.

Ruben Beitiaren azalpenen arabera, euskara erabiltzen duten hiztunak (AB eta BA) euskara hedatzeko tresnak izango dira, eta gainontzekoek ahalegi- nak egin behar dituzte. Horrela, lantokiak eskaintzen dituen egoera informaletan arnasguneak sortuko dira.

Honen guztiaren helburua hizkuntza komunitatea trinkotzea da, euskara erabiltzen dutenek joera hori hedatuko baitute. Hala, arnasguneen sorkuntza banakakoen eta taldeen eskuetan dago, Beitiaren esanetan. «Zuzendaritzak ezin dio langile bati esan bazkalorduan euskaraz hitz egiteko», azaldu zuen. Hala ere, hizkuntza politiken bidez, progresiboki, euskara hedatzen lagundu dezake.

«Hizkuntzek batu egiten dute»

Asteazkenean hasi ziren jardunaldietan Zesar Martinez EHUko irakaslea aldaketa sozialaren inguruan mintzatu zen. Atzo goizean Pilar Kaltzadak (Innobasque) komunikazio estrategien gaiari heldu zion.

Horren ondotik, Kataluniako Plataforma per la Llenguako MartiGasull bere taldeak hizkuntzaren alde egiten duen lanaren inguruan aritu zen. Gasull-en ustez, «hizkuntzek batu egiten dute; ez dute ezer kentzen». Bestalde, hizkuntza bat erakargarri egiteko alde positiboak erakutsi behar direla adierazi zuen, era horretan hizkuntzaren alde egiten delako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo