GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Alferrikako proiektuen kontrako» egunean, mobilizazioa deitu du CADEk, AHT salatzeko

A.B. | BAIONA

Europako hainbat herrialdetan «alferrikako proiektuen aurka» egingo den egunaren karietara, joan den urtarrilaren 23an Hendaian izandako manifestaldian aurkeztu zen Kartaren izenpetzaileak karrikaraturiko dira, berriz ere, ondoko abenduaren 11n Baionan.

Egun horretan, CADE ingurumen defentsarako elkarteen kolektiboak «AHTri ez!» aldarrikapena hedatuko du Lapurdiko hiriburuan, arratsaldeko hiruretan Laugatik abiatuta. Oraingoan, gainera, Estatu frantsesean, Alemanian eta Italian ere mobilizazioak eginen dira.

Izan ere, Hendaiako Kartaren izenpetzaileek «tren garraioaren gaiaren inguruan, erresistentzia egunean» parte hartzeko «deialdi europarra» egin dute. Hala, egungo burdinbidearen modernizazioaren alde eta AHT proiektu berriak ekarriko duen diru xahutzearen kontra dagoen orok beraiekin bat egitea espero dute.

Victor Pachon CADEko ordezkariak nabarmendu duenez, urte hasierako manifestazioan gertatu bezala, herritarrekin batera, laborariak ere mobilizatuko dira. «Hendaian egin zuten moduan, laborarien traktoreek ibilaldia irekiko dute. Oraingo honetan, gainera, barnealdeko nekazariak ere bertan izango dira», esan zuen Pachonek.

Hain zuzen, manifestazioa prestatzeko zenbait herritan egiten ari diren bilkuren berri eman zuen. Joan den asteartean, Baionako Santespiritu auzoan egin zena aipatu zuen bereziki, gaiarekin lotutako lehen bilkura horretan 200 bat lagun elkartu baitziren. «Bilkura emankorra izan zen oso, eta bertan herritarrek auzoan izandako higiezinen erosketak eragin dizkieten kezkak agerian geratu ziren. Beren ustetan, maila handiko etxebizitzak eraikitzeko espekulazio operazio batekin lotuta daude erosketok», esan zuten CADEko kideek.

Gaur arratsean beste bi hitzordu finkatuak dituzte Donapaleun eta Azkainen AHTren inguruan.

Lur zundaketak

Aldarrikapen egun nagusi horrekin batera, AHTren Lapurdiko burdinbidearen inguruko azken berriak izan zituzten aipagai. Batez ere, trenbide berria egiteko xedearekin baitezpadakoak diren lur zundaketen eta abarren gaineko ikerketez mintzatu ziren.

«Bide ofizialetik pasatu gabe» lan horretaz arduratzen den enpresak herritarren artean «presioa eta jazarpena» zabaldu dituela salatu zuten. «Jazarpen horiek gehienbat herritar heldu eta ahulenek jasan dituzte», zehaztu zuen Victor Pachonek.

Urruña eta Uztaritzeko herriko etxeek, bestalde, lur zundaketak oztopatzeko, tona handiko kamioiei sarrera debekatu diete beren lur-eremuan. Zundaketak egiteko nahitaezkoa da mota horretako kamioien erabilera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo