Antxoaren plana adosteko bil daitezen eskaera, EBko Kontseilu eta Parlamentuari
GARA | BRUSELAS
Bizkaiko Golkoko antxoa berreskuratzeko plana blokeatuta dago Europar Batasuneko (EB) erakundeen arteko desadostasunen ondorioz. Blokeoa gainditzeko asmoz, EBko Arrantza komisario Maria Damanakik bilera egin dezatela eskatu zien atzo Bruselako Parlamentuari eta Kontseiluari, Efe agentziak iturri diplomatikoak aipatuz adierazi zuenez. Damanakiren asmoa da bilera «urtea amaitu aurretik» egitea, eta helburutzat du «aldeak ados jar daitezela», iturri horren arabera.
Estatu espainola eta frantsesa dira Europan antxoa arrantzatzen duten bakarrak. Arrain honen kudeaketa planak EBko Kontseiluak erabaki behar dituela defendatzen dute biek, eta Parlamentuak erabakien «zati txiki batean» parte har dezala. Iturri diplomatikoen esanetan, ordea, EBko 27 estatuen artean ez dago momentuz gai honekiko jarrera «argirik» eta oro har «isilpean» gordetzen dute beren iritzia.
Europako Batzordeak duela 14 hilabete aurkeztu zuen Kantauri itsasoan antxoa berreskuratzeko plana. Arrantza eremu horretan urtean zenbat antxoa arrantzatu daitekeen zehazteko negoziazio politikoa ekidin, eta datu zientifikoetan oinarritutako formula matematikoa proposatu zuen Batzordeak. Era berean, erabakiak hartzeko egutegia aldatzea defendatzen du, hala, epeak antxoaren arrantza garaietara egokitzeko.
Arrantzarako dauden aukerak erabakitzeko unean bakoitzak dituen eskumenen inguruan Europar Batasuneko Parlamentuak eta Kontseiluak dituzten desadostasunen ondorioz, ordea, plana guztiz blokeatuta dago. «Gainditzen gaituen arazo juridikoa da», esan dute iturri diplomatikoek, eta horien iritziz, Batzordeak bere proposamenak berriro bideratzea da onena.