GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Gari Mujika Kazetaria

Anestesista gehiegi

Tiopental sodikoa, oro har, ebakuntzetan erabili ohi den anestesikoa da. Atzo, halere, horri ematen dioten beste erabilera bat izan zen albiste. Ingelesa da berau produzitzen duen enpresa bakarra, eta AEBetara egiten dituen salmentak mugatuko dituela ohartarazi zuen, horren bidez hiltzen dituztelako heriotza zigorra ezarria duten pertsonak. Baina albistea eman bezain laster, 89 pertsona hiltzeko adina anestesiko jarri zituzten AEBetarako bidean.

Gurean, heriotza zigorra hizpide izanez gero, aho bete hortz aritzen dira eskubideak gora eta behera, XXI. mende honetan onartzerik ez dagoen jokabidea dela salatuz. Baina ez da beharrezkoa norbaiti xiringa zainetan barrena sartzea herioaren agurra gertutik ezagutarazteko.

Etxebizitza, giza eskubidea dela diote. Horrela zabalduko dute datorren abenduaren 10ean ere, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean. Berotasun bila zebiltzala hil ziren orain astebete Santurtzin, kale gorrian bizi ziren bi gazte. Beste bik ospitalean jarraitzen dute. Baina heriotzaren berri ematearen ondotik zabaldu zuten magrebtarrak zirela, «arazoak» sortzen zituztela...

Egun berean jakin zen kasik, urrian hiru gizonezkok emakume bat bortxatu zutela Gasteizen. Hirurak aske daude, emakumeak, «paperik gabekoa» izanik, Euskal Herritik alde egin duenez, kanporatzearen beldur, auzia eten egin baita. Eta zer-nolako aldea dagoen albistea horrela kontatu, edo «emakume» hitzaren lekuan «emagaldua» jarri! Gure tiopental partikularrak, komunikabideek jendartean eragiten duen anestesista lanak, ez zioten kasu honi albiste kategoria esleitu ere egin.

Eskuindarra den batek nahikoa izango du, bere logikaren baitan, kontzientzia garbitzeko igandean mezatara joatearekin, herioaren itzala ezartzen duten egoera hauek sistema honen ondorio zuzen baitira, baina ostantzean ez da onargarria horrelako egoeren aurrean isiltasuna erantzun nagusia izatea.

Eta beren burua ezkertiartzat dutenen artean ere, tamalez, arrazismoari eta xenofobiari bidea irekitzen dizkioten gisa honetako jarrerak agertzen dira, magrebtarrak, ijituak edo bazterturiko herritarrak tarteko badira. Bestelako gizarte bat erdietsi nahi bada, baloreak irauli beharko dira, sistemak barneratu dituenak justiziari eta eskubideei bizkar ematen baitiote. Eta horrek ez du jatorriarekin zerikusirik, gizatasunarekin baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo