Bizi! mugimenduak AHTren aurkako pankarta erraldoia zabaldu du Baionan
GARA | BAIONA
Bizi! mugimendu altermundialistak AHT abiadura handiko trenaren kontrako ekintza gauzatu zuen joan den larunbatean, Baionan.
Goizeko hamarretan mugimenduaren zenbait kide herriko etxeko teilatura igo ziren eta «LGV: Toujours plus vite dans le mur! Desobedientzia zibila!» lema zeraman pankarta erraldoia zintzilikatu zuten. Jarraian rappel eskalada moduan teilatutik jaitsi ziren. Bitartean, Eguberriko merkatuan beste hamabost kide ibili ziren sirenarekin soinua ateratzen, eta UMP alderdiak AHT sostengatzen duelako, Baionako auzapeza kritikatzen zuten esku orriak banatu zituzten.
«Sistema aldatu behar da»
Mattin Ihidopek, Bizi!-ren bozeramaileak, adierazi zuen desobedientzia zibila beharrezkoa dela, AHTk zeharkatuko dituen lurren azterketak hastear daudelako eta horren kontra borroka konkretu bat abian jarri behar delako.
Horregatik, datozen asteetarako antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deialdia egiten du Bizi!-k. Abenduaren 4an Cancon-en (Lot-et-Garona) trantsizio sozial eta ekologikoaren aldeko elkarretaratzea egingo dute. Abenduaren 11n, berriz, Baionan 15.00etan AHTren kontrako manifestaldia izango da.
Bizi!-k zabaldu nahi duen ideia da planeta bakarra dagoela eta ez suntsitzeko moduak bilatu behar direla. Mugimenduaren ustetan, AHTk «lurraren suntsiketa abiadura handian» gauzatzea esan nahi du. Hala, sistema aldatzeko proposamena egiten du Bizi!-k.