GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Gizon-proba

Mikel Altzolak berriro ere erabateko nagusitasuna erakutsi du

J.L.

Hamaikagarren urtez irabazi du Mikel Altzolak Euskal Herriko gizon-proba. Hainbeste aldiz irabazteko zerbait behar da, kasualitatez ez dira-eta horrelakoak egiten, eta aurtengoan ere erabateko nagusitasuna erakutsi zuen kirolari bizkaitarrak.

Juan Carlos Lopez arabarra agertzen zen bere aurkaririk zuzenen artean, baina ezin izan zuen estutu txapelduna, eta berak, gainera, ez zuen bere egunik onena izan, eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Mikel Altzola arratsaldean aritu zen lanean, eta bizkaitarraren marka handia izan zen, lau iltze eta lau metro pasa egin baitzituen. Dirua ere bere alde zegoen, eta berea apurtzekorik ez zen agertu, eta erraz gailendu zen.

Izan ere, bere atzetik Oskar Perez sailkatu zen, eta honek txapelduna baino iltze bat gutxiago egin zuen, eta hor ikusi ziren zeuden aldeak.

Hortik atzera, hirugarren amaitu zuen Juan Carlos Lopezek, laugarren Satsibarrek, bosgarren Basaibarrek, eta seigarren Ormaetxeak.

Txapelketaren ostean kirolariek atseden hartzeko parada izango dute, zoritxarrez gizon-proban bakarka dabiltzanek urtean zehar ez baitute erakustaldi asko egiten.

Urrezko Aizkora

Aizkolarien zorionerako, aspaldiko urteetan ez dute geldialdirik egiteko tarterik, eta txapelketa ofizialak amaituta torneoen tenorea heltzen da. Binakako Urrezko Aizkora hastear dago, eta xehetasun guztiak emateko bihar eguerdian aurkeztuko dute Abadiñon.

Zenbat bikote lehiatuko diren, eta zenbat maila egingo diren han emango dute ezagutzera, baina pentsatzekoa da aurten ere iazko txapeldunak, Donato eta Ohian Larretxea batera arituko direla. Azken honek aurten Nafarroako Lehen Mailako finala jokatu du, eta Euskal Herrikoan maila nagusira igotzea lortu du, 20 urterekin, eliteko gazteena bihurtuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo