GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Xanti Begiristain Madotz I Iruñea

Aita santuaren estatua

Yolanda Barcina Angulo Iruñeko alkate andreak eta bere alderdiak, orain dela gutxi mustu zuen Joan Pablo II.a aita santuaren estatua bat hiriko kale batean. Kaleak aita santuaren izen berbera dauka, eta, jakina, hori ez da halabeharra, baizik eta orain dela urte batzuk UPNk eta CDNk hori horrela egitearen ondorioa.

Niri oso ongi irudituko litzaidake UPNkoek jarriko balituzte tankera horretako estatuak, irudiak, kale-izenak eta nahi duten guztia, beren luxuzko etxeetan, beren lorategietan eta abar, baina betiere, noski, beraiek ordainduta beren diruarekin eta ez beste guztienarekin.

Eta UPNk gai honetan egin duenari buruz zer nahi duzue esatea? Ba, berriz ere egin duela nahi izan duena, berriro ere abusatu duela daukan botereaz eta, jakina, ez du batere demokratikoki jokatu gizarte honen aurrean, baina, antza denez, pertsona horiei bost axola zaizkie demokrazia, etika, herritarrak eta zuzentasuna, beraiek aurrera egiten duten bitartean, baina, lasai, esan bezala, pertsonak dira, ez dira Jainkoa, eta Barcina andrea ere, egunen batean ikusiko dugu goitik behera lurreraino erortzen eta merezi duen muturrekoa hartzen, lehenago beste batzuei gertatu zaien bezala, edo, bestela, esadazue, e?, non ote dabil orain, esaterako, garai batean hain ospetsua izan zen Gabriel Urralburu izeneko, Nafarroako sasi-jainko txiki harroxko hura? Urralburu ez al zen agertzen, ba, herritar guztien aurrean nafarrik nafarrena balitz bezala?, eta orain begira ezazue, edonork esanen luke beretzat Nafarroa ez dela existitzen eta askoz ere gustura eta erosoago sentitzen dela Madrilen. A zer-nolako paradoxak, e?

Esan bezala, orain pairatzen ditugun andre eta jauntxoei ere, egunen batean antzeko zerbait gertatuko zaie, teorian estatu laiko eta akonfesional batean beren ideia eta praktika erlijiosoak inposatzeagatik. Argi eta garbi ikusten denez, Sanz eta Barcina jaun-andreek nahiago izaten dute indarraren arrazoia arrazoiaren indarra baino.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo