GARA > Idatzia > Kultura

eszenak

Mikel Martinezen bakarrizketa «barbaroa», Durangon

«Larria, kutsakorra, mendebaldekoa» estreinatuko du Mikel Martinezek abenduaren 7an Durangon. Patxo Telleriak idatzita, ezbaian jarriko ditu osasun publikoa eta bere negozioa.

Ane ARRUTI |

Hegaztien gripea, behi eroena, A gripea... Negozioa egiteko asmakizunak baino ez dira askorentzat eta horixe hartu du gaitzat Tartean antzerki taldeak. Datorren asteartean, hilaren 7an, «Larria, kutsakorra, mendebaldekoa» bakarrizketa estreinatuko du Mikel Martinez aktoreak, Durangoko San Agustin kultur aretoan, 20.00etan.

«Komedia barbaroa esaten diogu. Barre dezente egitekoa dela uste dugu, oso basatia, esajeratua, baina gai potolo eta serio baten gainekoa», azaldu zuen Martinezek.

Patxo Telleriak idatzita eta Jokin Oregik zuzenduta, farmazeutikoen esku jarriko diren hiru pertsonaia ezberdin antzeztuko ditu Martinezek. Izan ere, botika enpresa batek gripe suntsikor baten aurreikuspena egin du eta katastrofe hori ekiditeko, gaitza laborategian sortzea bururatu zaie, modu artifizialen, sendabidea ahalik eta azkarren lortzeko. Horretarako ezinbestekoa da pertsonekin esperimentu probak egitea. Eta horretarako, 500 euroren truke, aurkeztuko da hirukote hau. «Itxita, kaiola edo box batean sartuta, bakoitza bere gelan eta hirurok egoera berdinean. Egoerak bilakaera bat dauka, pertsonaiei berdina gertatzen zaie, baina beraiek oso ezberdinak direnez, era ezberdinean erreakzionatzen dute», azaldu zuen ikasketez medikua den Martinezek berak.

Negozioak eta umoreak bat egingo dute baina izango da hausnarketarako tarterik ere: «Nahi genuke jendeak, kristoren barreak egin ondoren, pentsatzea: `Joe, hau ez zen barre egiteko, gai potoloa zen'. Iruditzen zaigu farmazeutikoek kristoren boterea daukatela eta batzuetan horrekin jolasten dutela negozioa egiteko eta gure osasunak ez duela hainbeste axola». Egoeraren aurrean, «izan gaitezen kritiko samar!», aldarrikatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo