GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello ZABALA I Eguraldian aditua

Naturaren bariazioak

Erraza da naturaren bariazioak aipatzean, klimaren edo aroaren beraren koska eta bariazioez ote gabiltzan pentsatzea. Ez, ez. Aroak berez dituen meteo koskak hor daude, egunetik egunera, eta ordu bakoitzetik hurrengora, labain xumean, toki bakoitzetik beste guneetara egokituz doazenak.

Naturak berak dituen berezko bariazioak, ordea, eta urtaroz urtaro, aro eta giroak lagunduta josten eta lantzen dituen bariazioak oso bestelakoak dira. San Andres egunez egoki asko bildu zuen Ariane Kamiok, orriotan bertan, «Harkaitzaren Magalean» liburua aurkeztean jaso zidan esaldia: «Bariazioak asmatzen ez dago natura bezalakorik. Udaberri guztietan era desberdinean janzten da, eta udazken oro, era ezberdin batez erantzi».

Urteroko doinua du neguko isilaldi pausatu ilunkaratik, iratzartze geldo pixkakakora daraman urrats gra- dualekoa. Hor pizten dira argia luzatzen abiatu orduko, udaberri argiguraren tirazo tenkada heriozkoan gero eta soinu aberatsagoak. Txori eta hegaztiek dute soinuteria anitza tirriazko lehian: ttikienen xuxmurrak baxu jarraikituaren zorua damaiela, hor jotzen dute bakarlari ausartek bakoitzak bere bariazioa. Eta beti, agertoki margoz gero eta mozkortuagoan xorabiaturik, han dihardu orkestra beteak eguzki ekainaren goitituena harrapatu artean.

Soinuen bariazioak, goiz eta arrats gozatu beharrekoak, merke-merke eskainiak dauzkagu, denon eskura, aukera-aukeran, horiek denak.

Baina badu aldaketa xumeen katean, agertokiaren janzkerak ere bariazio eder bete askorik. Edertasunaren maila eta koska eta neurri eta tonuak oro, naturaren beztidura eta beztigai mota guztietan gauzatzen ikus eta goza genitzake. Landare xume ttattarrengandik abia, eta, zenbat lore koxkor ez dira tentetzen, zein baino zein apainago, eguzkiarentzat zabalduta, aireari musuka, argiari lurrin urrin dariola...!

Eta landare kozkorrago jasoetan gora bazoaz, hara zuhaixko eta zuhaitzarrak, nor baino nor, festa-jantzizko eskaparatea ordutik ordura beztitzen: bata azpikoz gora joango zaizu bere beztigarria emendatzen; bestea alboetatik barrurantz; haranzkoa, goiko adar punttetatik orriak zabalduz abiatu zaizu; hemengoa, orrien aurretik lora pinportak kolore botoitan, noiz lehertuko eskainiz...

Eta nago, beztimenduen gala pinpirina nola, halatsu datorrela sasoi honetantxe damaiguten desbestitze anitzaren erantzi beharra ere...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo