GARA > Idatzia > Kultura

Aipagarriak

Zuzeneko ahotsa

 

Anartz BILBAO I Musikazalea
Orain bi urte sortu eta haize freskoa izan genuen Azokan, eta iaz toki propioa lortu zuen. Aurten egitarau ezin trinkoagoa dakar Ahotseneak, eta atzera begira jarri gaitu gu, akorduetan igeri.

Eta iraganera itzulita, gure nerabezaroaz oroitu gara, gurasoen babesik gabe, gure kabuz autobusa hartu eta Azokara joaten hasi gineneko kontuez. Errenkadan Azokako saltoki guztietako lehen lerroa ezagutu eta pegatinak zein egutegitxoak baino ez genituen eskuratzen, eta bigarren buelta batean, bertara generamatzan aurreikuspenak eta azken azterketa uztartuta, hausnarketa bizkor baten ostean erosketak egiten genituen. Etxeko zaharren batek propio Azokarako emandako sosak gastatzen genituen orduan, guretzat altxorra zen diskoren bat zirraraz erosteko. Batez ere diskoak erosten genituen-eta, zorionez gurasoek urtean zehar liburu sorta ederra etxeratzen zutelako. Eta zorrotzago esanda, guk eskuratzen genituen batzuk dira egungo gazteek -edo Elkar etxearen binilo berrargitalpenek- estimatzen dituzten berak.

Eta aurtengora itzulita, jolasean hasi gara, orain berriro nerabe bagina (eta bagara) Ahotsenea gunetik atera ezinda ibiliko ginatekeela pentsatuta, adi-adi eta ahoa bete hortz. Zein aukera ederra! Horrenbeste miresten dituzun idazle eta musikariak ezagutzeko, beraien kezkak eta sortze lana entzuteko, nork bere zalantzak galdetzeko, adarra jotzeko, sinadura zein musuak eskatu edo gonbitak egin eta jasotzeko.

Musikazale izan eta berri-gosez denak eskaintza eta aukera paregabea du Ahotsenean, inoiz aditu ez dituen soinuen berri izateko, talde eta bakarlari berriak topatzeko, aspaldi baztertu zituen ahotsak berreskuratzeko, zirrarak pizteko, edo «betikoaz» gogaituta hasperenka handik hanka egiteko. Horretarako, oholtza eta denbora tarte bera izango dute abiatu berriak diren egitasmoek zein ibilbide luzeko artistek, arrakasta handia dutenek zein arrastaka arreta eske dabiltzanek; eskailerarik behar ez duen agertokiaren parean entzuleren (edo irakurleren) bat ziurtatua dutela. Seguru gaude, gainera, bertaratutako bat baino gehiago, Ahotseneak erakarri eta bertako zuzen-zuzeneko giro, emankizun eta harremanek txundituta, Landakok irentsiko duela gero, erosle bihurtuta, jakin-mina piztu dion liburu edo diskoren baten peskizan. (Eta poltsikoak gero eta zulatuago baditugu, eskatu lasai kreditua kutxari, liburu eta disko mardulek bai baina kulturak ez ei du-eta tokirik hartzen).

Izenari (eta sinadurari) baino jardunari arreta jarri eta Meka hiriko oasian egingo dugu topo, bihartik hasita bost egunez, barruan oraindik ere nerabea daramagun musikazaleok -eta, bueno, inguruko tabernetan ere bai-, Ahotsenean lagunen ahotsak entzun... eta gurea emateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo