Nori berea da legea
Egunotan bolo-bolo dabil Wikileaks, jakin nahi duen edonoren eskura inoiz jarri den dokumentu-multzorik handiena argitaratu duela-eta. Aztoratuta dabil nazioarteko diplomazia, hango eta hemengo kanpo-politikaren estoldak agertzeak ez baitio grazia zipitzik egin hainbat gobernuri, Ameriketako Estatu Batuetakoari bereziki. Finean, mundu mailan gogoak ematen diona egiteko boterea duela erakusteaz gain, haren esku luzea eta izan litzakeen beldurrak ere ematen baititu aditzera.
Horrenbestez, Wikileaks eta horren aurpegi eta zuzendaria, Julian Assange australiarra, etsai publikoen zerrendako lehenak bihurtu dira gauetik egunera AEBetan. Washingtonek atxilotu egin nahi du, baita epaitu ere, sailkaturiko materiala lapurtzea leporatuta. Alegia, inperioko gobernuen erraietan sartzera ausartzeak baduela ordaindu beharreko prezio bat argi gera dadin.
Gertatzen da, ordea, Julian Assange badagoela dagoeneko bilatzeko eta atxilotzeko agindupean. Agindu horrek, bestetik, ez du Wikileaks edo AEBak edo jakinarazitako inolako agirirekin zerikusirik. Agindu hori Suediako Auzitegi Gorenak eman du, joan den udan bi emakumek sexu-abusu eta bortxaketagatik salatu baitzuten. Gorabehera nahikoak izan dira salaketa horiek direla-eta, kasu itxia, atxilotzeko agindua, agindu horren baliogabetzea, beste kasu baten ikerketa eta, azkenik, Assange atxilotzeko agindu irmoa, Interpolen baitan dauden 200 bat herrialdetan indarrean. Tipoa, aldiz, lasai omen dago Britainia Handiko hegoaldean, agindu horren akatsen batek Scotland Yard ez jardutera eraman baitu.
Honen guztiaren inguruan sortu den iskanbilak badu zur eta lur uzten nauen alderdi bat. Izan ere, azkar altxatu dira Suediako Justiziaren asmoaren atzean «beste zerbait» dagoela dioten ahotsak; espioitza-munduan konplota bezain ohikoa den terminologia erabiltzen hasi direnak; Assange atxilotzeko nahiaren atzean politika-mailako motibazioak ikusten dituztenak. Eta justizia-administrazioak bere martxa jarraitu eta argitu beharrekoak argitzeko Suediara joan eta bere burua Auzitegian aurkeztu beharrean, ezkutatuta egotea normal eta defendagarritzat jotzen dutenak, nor den, alegia, Pentagonoaren zirikatzaile nagusia, eta zer nolako mehatxuak jasotzen ari den kontuan izanda. Sexu delituengatiko salaketaz, ordea, ezta hitzik ere. Suediako Justizia haren atxiloketa agintzera eraman duten ikerketa eta frogei baliorik ez, existituko ez balira bezala. Finean, bi emakumek sexu-delituengatik salatu eta horiek argitzeko aurreneko betebeharrarentzat eta, frogatuko balitz, merezi duten justiziarentzat onarpenik ez.
Berez halako delituak, hala nola genero-indarkeriakoekin lotutakoak salatzean emakumeek auzitegietan oso sarritan jasan behar duten tratuari, besteak beste, epaileek euren kontakizunak ez sinesteko joera edo oraindik dirauen probokazioaren teoriari, egilearen nortasuna dela-eta iritzi publikoan hasieratik zalantza eta sasi-teorien ereitea gehituko badiogu, urrun gabiltza delitu horien erabateko gaitzespenetik, «sala ezazu, beste irtenbiderik ez dago eta» mezua sinetsaraztetik.