GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Mikel Soto Editorea

Euriaren erradikaltasuna, lainoa?

Abian da Durangoko Azoka, aurrekontua nabarmen murriztuta; hala ere, Mikel Sotok ohartarazten duenez, euskalgintzak hori baino motibo handiagoa du kezkatzeko: zenbaiten interes politikoak, instituzioetatik sustatuta, aurkakotasunik gabe nagusituz doaz.

PSEk PPrekin ituna egin eta Jaurlaritzara heldu zenetik, beldur arrazional bat sortu zen euskal gizartean eta, beste hainbat sektoreren artean, euskalgintzan. «Eta orain, zer?», pentsatu genuen guztiok. Denborak aurrera egin ahala, esango nuke bi jarrera sumatzen direla egoera berriaren inguruan. Alde batetik, publikoki aitortu ez arren, «tira, hainbesterako ere ez zen, ezta?» pentsatzen dutenak eta, bestetik, Jaurlaritza hartzen ari den hainbat neurrirekin aski kezkatuta daudenak. Era batean zein bestean, Jaurlaritza berriak kulturaren esparruan hartu dituen erabakiek aldaketa kualitatibo edo kuantitatibo baten aurrean ote gauden galdetzera bultzatzen gaituzte, ezinbestean.

Kulturaren esparruan Jaurlaritza berriak hartu zuen lehen neurrietariko bat Euskadi sariak bikoiztea izan zen: euskarazko literatura, gaztelaniazko literatura; euskarazko haur eta gazte literatura, gaztelaniazko haur eta gazte literatura... Hala, bada, aurtengo euskarazko saiakera onenaren saria Joxe Azurmendik irabazi du, merezimendu osoz. Baina, merezimenduak merezimendu, bitxia da «Espainolak eta euskaldunak», «Demokratak eta biolentoak» edota «Oraingo gazte eroak» idatzi duen Euskal Herriko saiogilerik handienetakoak apaiz baten azken egunei buruzko obra batekin irabaztea saria. Pentsa dezagun, ironikoki eta zorionez, aldi berean 1968an idatzitako «Manifestu atzeratua» sortze berri txiki bat izaten ari dela Literatura Eskolan egindako irakurketak izandako oihartzunari esker.

Azurmendi bezala, baina talentu urriagoz, aitor dezadan neu ere panfleto bat idaztera noala, «kondenatu nahi banauzue, injustiziarik kometa ez dezazuen».

Euskalgintzan kezka handia piztu du Eusko Jaurlaritzak Euskal Idazleen Elkarteari diru laguntzak murriztu izanak. 2010-2011 ikasturterako, 190.000 eurotik 85.000 eurora jaitsi dio laguntza Hezkuntza Sailak EIEri eta, horren ondorioz, aurreko urteetan baino askoz ere saio gutxiago egingo dituzte idazleek Idazleak Ikastetxeetan programaren barruan. Programa horren zati den Literatur Bideak egitasmoak, bestetik, ez du jarraipenik izango murrizketen ondorioz.

Neurri horiez gain, idazle eta editoreen mundutxoan zeresan handia eman du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortu berri den eta oro har erdal idazleena den elkarteak. Jaurlaritzak egin dien harrera beroa dela medio, susmoa dago idazle horien gremio-interesez gain, interes politikoak badaudela sorrera horren atzean. Gaurkoan ez daukat aparteko interesik idazle horien maila literarioaz, izenaz, jatorriaz eta abarrez jarduteko. Are gutxiago Doctor Deseo euskal taldea ote den edo Toti Martinez de Lezeak Durangoko Azokan bere liburuak saltzeko eskubidea ote duen eztabaidatzeko gogorik. Esan dezagun elkarte horren interesen mare- magnumean, tristea dela ikustea, zoritxarrez, elkarte horrek, itxura guztien arabera, pribilegioak eta analfabetismoa bultzatzen dituen lobby bilakatzeko asmoa duela.

Esanak esan, ikuspegi nazional zein intelektual batetik jokaera hori aski arbuiagarria den arren, uste dut ongi merezia daukagula oinaztar zein ganboatarrok. Idazleen elkartea alde batetik eta itzultzaileena bestetik; idazleen elkartean dauden idazleak eta elkartea utzi zutenak; editoreen elkartean dauden argitaletxeak eta ez daudenak; Euskadi saria onartzen duten idazleak eta onartzen ez dutenak (a, eta azkena, uste dut: beren burua Euskadi sarietara aurkezten dutenak eta aurkezten ez dutenak). Pribilegioak era aski analfabetoan sustatzen saiatzen garen lobby izatera ere ez gara heltzen. Azurmendik zioenez, «zergatik ez aitortu:/ mixerable banaturik gabiltza/ mendian otsoak bezala./ Gu, txindurriok zeruaren azpian/ argonauta ustean./ Konstelazio bat delakoan bakoitza,/ zigarroa bezala mixto batekin/ pizten delakoan libertatea».

Hala ere, salaketak salaketa, euskalgintzak ezin du ukatu -eta, oraingoz, esango nuke ez duela ukatzen- egungo Jaurlaritza egiten ari dena lehenagotik datorrela. Arestian aipatu ditudan diru-laguntzen murrizketari buruz ari zela, Ander Iturriotz Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak aitortu zuen: «Aurreko hirukoak eman zuen lehen urratsa, Euskal Kulturaren Plana Kulturaren Euskal Plana bilakatu zuenean. Han zeuden erdarazko kultura bultzatzeko oinarriak, eta oraingo Jaurlaritzakoek egin dutena da horiek garatu eta beren ikuspegi ideologikotik jantzi». Eta nik neuk esango nuke lehen urratsa egin zuena ez zela izan aurreko hirukoa, ezpada Ardanza, Oliveri, Buesa eta enparauak.

Baina zeren arabera epaituko dugu neurri horiek aldaketa kualitatiboa ote dakarten ala ez? Diru-laguntzen kopuruaren arabera? Hori baita, arrazoizko izan daitezkeen susmoez gain -«ezagutzen zaituztegu...»-, etengabe argi errepikatzen den argudio ia bakarra. Eta, irizpidea hori bada, zintzoagoa dirudi onartzea aldaketa batez ere kuantitatiboa dela, oraingoz, behintzat. Baina, dena delakoagatik, aldaketa kualitatiboa dela uste izanez gero, euskalgintzaren huts larria da diru-laguntzen murrizketan kokatzea (Jon Sarasuak Kontseiluaren sorreran ezker abertzaleari egotzi zion zenbakitze-nahiarekin lotuta egongo da ohitura hori?). Horrek, zoritxarrez, harremana du euskalgintza bihurtu den horrekin. 1968an Azurmendik deitzen, salatzen eta maitatzen zuen herria izaten jarraitzen dugu: «Xentimoka pentsatzen duen herria».

Xentimoka pentsatzeari utzi eta goazen benetan eztabaidatzera aldaketa kualitatiboa ote den edo aurretik zegoen sistemari tasun propioa erantsi dion Jaurlaritza berriak. Izan ere, badirudi onartu beharrean gaudela sistemak berak duela hutsa, eta ez kudeatzen duenak uzten dion arrastoak. Eta, hortaz, EAJk inoiz maite izan ez zuena, Jauregi eta Buesaren PSErekin negoziatzen egin zuena dela oraingo gure egoeraren iturburua, halabeharrez onartu dugun jatorrizko bekatua. «Txeke zuri faltsu baten antzean Gernikako arbola bat asmatu» ziguten, eta geuk onartu.

Hala, bada, eztabaida berbera errepikatzera kondenatuta gaude: «Utz gaitzazue gure txiringitoetan, herriarengandik sortuak eta independenteak baitira, baina lagun gaitzazue behar dugun bezainbeste, `funtzio publikoa' betetzen baitugu». Ikastolak, AEK... Eta ez dugu besterik, zorionez, EAJk lehenik eta PSEk orain egunkariarenean amore eman dutela baitirudi (fiuuuu!).

Baina gure hutsunea, batez ere, politikoa da. Euskalgintzan jarrera, sektore eta norbanako aski erradikalak badaude ere, funtzionatzen ez duen sistema bat kritikatuz, batzuk eta besteok sistema onartzera ohitu gara. Sistemak eduki baitzuen halanolako mekanismo zuzentzaile bat. Protesta, kanpainak, manifestazioak, ekimenak sustatzen zituen oinarri militante bat: ezker abertzalea. Baina, orain, egungo egoera politikoan euskal kulturan gertatzen ari diren aldaketak kualitatiboak zein kuantitatiboak izan, aurkakotasun handirik gabe egiten ari dira aurrera. Arestian aipatzen genituen gure-gureak diren zatiketez gain, mugimendu horren motor politikoa, ezker abertzalea, era basatian jo, kolpatu (zauritu esan nahi du) eta odolustu dutela azken hamarkada honetan. Gaur, 1968an bezala, «euri gortina batek ixten du gure kalendarioa». Eta ezker abertzaleak, euskalgintzarekin zeuzkan konpromiso politikoak, beste indar politikoekin alderatuz luze bete baldin baditu ere, orain hil edo biziko beste lehentasun batzuk dauzka.

Bistan da estrategia politikoa aski eztabaidatua eta finkatua daukala ezker abertzaleak. Aurretik daukan antolakuntza eztabaidan, beste erabakien artean, mugimendu izaerari heldu beharko dio. Txiringitismoari, labur eta zabar esanda. Inoiz ENAMik egon bada, uste dut aspaldi iraganak direla garai horiek eta, iraganak ez badaude, urik ez dakartela gure errotara, Euskal Herrira. Ekartzekotan, lauzpabost xentimo, «kalderilla hutsa/xox apur bat». Eta bateko eta besteko gure radikalak radikalinski badira ere, «lainoa da euriaren radikaltasun guztia,/ ez trumoia».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo