GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Natividad Abril, Jotxo Larrañaga, Ramon Zallo (*) EHUko Komunikazio eta Gizarte Zientzietako irakasleak

EITB: adi eta kezkatuta

EITBk bizi duen krisi egoera honetan hiru ildo nabarmendu nahi ditugu: kalitatezko zerbitzu publiko integralaren aldeko apustua, erakundearen demokratizazioa eta Ikus-entzunezkoen Euskal Kontseiluaren legezko onarpena

Kezkaturik gaude EITBren egoeragatik. Ikusleriaren galera, adierazpen askatasunari zein aniztasunari lotutako auziak, euskal irrati-telebistaren eta bereziki ETBren zerbitzu publikoa interes alderdikoien mende egotea -bertako kazetarien lanaren gainetik jartzeraino- ez dira arazo berriak, eta aspalditik datoz. Baina areagotu egin dira azken urtean.

Jarraian, iritzi artikulu honetan, ageri diren gogoetak eremu akademikoan sortuak dira. Hartara, alderdien arteko gatazkatik at kokatu behar dira. Artikulu hau sinatzen dugunok -nork bere izenean eta erakunde bera inolaz ere ordezkatzeko asmorik gabe- geure pentsamendu askatasunetik abiatzen gara, asmo eraikitzailea dugu, eta ideiak, proposamenak zein -batek daki- irtenbideak aurkeztea besterik ez dugu bilatzen. EITBren gaur egungo egoera gainditzeko iradokizunak dira, azken batean.

Sinatzaileok Euskal Herriko Unibertsitateko Komunikazio eta Gizarte Zientzietako irakasleak gara. Hein horretan, erantzukizun zuzena dugu gure herriko biharko komunikazio-langileak izango direnen formakuntzan. Halaber, beste edozein aburu bezain zilegi eta kritikagarria izan daitekeen iritzia emateko irizpideren bat izan dezakegulakoan gaude.

EITBk bizi duen krisi egoera honetan hiru ildo nabarmendu nahi ditugu: kalitatezko zerbitzu publiko integralaren aldeko apustua, batetik; erakundearen demokratizazioa, bestetik; eta Ikus-entzunezkoen Euskal Kontseiluaren legezko onarpena, hirugarrenik.

Zerbitzu publikoa. Duela ia hogeita hamar urte jaio zen EITB, 1982an, zerbitzu publiko izateko asmoz eta helburu erantsi argi batekin: euskararen normalkuntzari laguntzea.

Orain, zenbait sektore politikotatik, Espainiako Estatuan, modu argian defendatzen da kanal autonomikoen pribatizazioranzko joera, ematen duten zerbitzu publikoa «garestiegia eta herri kontuetarako eutsiezina» delakoan. Alta, EITB merkatuaren arau soiletara makurtzen bada, edota bere egitura eta zerbitzuak birdimentsionatzen badira, ez lirateke haren sorrerako helburuak soilik arriskuan jarriko; komunikazio talde gisa irautea bera ere jarriko litzateke kolokan. Horixe da gure abiapuntua.

EITBk eredugarri behar du izan euskararen aldeko apustuan, eginkizun soziala jarri behar du merkatuko arauen gainetik, kalitatea eman behar du eduki zalantzazko eta erdeinagarrien ordez, eta beti hartu behar du kontuan berezko egitekoa komunitatearen zerbitzuan aritzea duela.

Demokrazia. Erakunde barruan lehenbailehen Erredakzio Kontseilua abian jartzeak lagundu egingo luke irizpide politikoen gainetik lanbideko irizpideak lehenesten, albistegiak susmotik aterata.

Halaber, EITBren Sorrera Legea aldatzeak Administrazio Kontseiluaren ordezkatze sozial zabalago eta anitzagoa ahalbidetuko luke, erakundearen demokratizazioan aurrera eginez.

Ikus-entzunezkoen Euskal Kontseilua. Nafarroa, Katalunia eta Andaluziako zein Europako beste herrialde askotako ikus-entzunezkoen kontseiluek urteetako esperientzia positiboak metatzen dituzte. Hemen ere, beren artekari egitekoa funtsezkoa litzateke euskal komunikazio sistema osoaren (ez soilik EITBren) osasun eta aniztasuna jagoteko.

EITBren egoerak sortzen dizkigun kezka eta ezinegonak bultzatuta, eta etorkizunari itxaropenez begiratuta, lehenbailehen neurriak hartzea eskatzen dugu. Aldi berean, irtenbideak lankidetzan bilatzeko topaguneak sustatzeko konpromisoa adierazten dugu.

(*) Natividad Abril, Jotxo Larrañaga eta Ramon Zallorekin batera, EHUko Komunikazio eta Gizarte Zientzietako Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea eta Kazetaritzako irakasle hauek ere sinatzen dute artikulu hau: Alazne Aiestaran, Teresa Agirreazaldegi, Josu Amezaga, Patxi Azpillaga, Idoia Camacho, Jose Caminos, Jon Elexgarai, Itxaso Fernandez, Marian Gonzalez Abrisketa, Arantza Gutierrez, Estefania Jimenez, Gorka Jakobe Palazio, Carlos Perez, Victor Santiago Pozas, Txema Ramirez de la Piscina eta Nicolas Xamardo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo