Kultura
Gasteizko Mendi Zinemaldiak Torellokoaren lekukoa hartu du
Mendi Zinemaldiaren hirugarren ekitaldia datorren astelehenean hasiko da eta, amaitu, berriz, 21ean. 22 izango dira sari nagusirako lehiatuko diren filmak. Horrez gain, ikus-entzunezkoak, argazki-erakusketak eta Antzerki Bertikala ikusteko aukera izango da.
Andoni ARABAOLAZA
Torelloko Mendi Zinemaldiak berriki agur esan eta Gasteizkoa ate-joka dugu. Arabako hiriburuko mendi filmen jaialdia hirugarren ekitaldira iritsi da, eta, hein handi batean esan daiteke, indartuta heldu dela.
Nazioarteko beste mendi zinemaldi batzuekin alderatuta, Gasteizkoa oso berria da, baina, aurkeztu duten egitarauari begiradatxo bat ematen badiogu, ikus daiteke pixkanaka-pixkanaka bada ere, lekutxoa egiten ari dela.
Bederen, Euskal Herrian nazioarteko izaera duen mendi zinemaldi bat dugu, eta hori ez da gutxi. Haratago joanda, mendi zinemaldi hau antolatzen dutenek, Gasteiz Mendi Taldeak eta Araba Ascentium-ek, mendiko kulturaren aldeko apustu garbia egin dute. Eta, jakina, asko dira agerraldi hori mantendu eta indartu behar dela aldarrikatzen dutenak. Kirol ikuspegi batetik begiratuta, mendiko jardueren uholdea erabatekoa da. Baina kultura ikuspegitik aztertzen badugu, lasai asko baiezta daiteke Euskal Herrian ia basamortu batean gaudela.
Horrela bada, Mendi Zinemaldiak protagonismo berezia hartuko du datozen egunotan. Izan ere, hirugarren edizioa izango du hilaren 13tik 21era. Bederatzi egun, mendiko kulturaz blai. Eta hori diogu, besteak beste, antolatzaileek oso egitarau zabala eta oparoa prestatu dutelako.
Jakina, pelikulak izango dira egitarau horretako izar nagusiak. Guztira, lehiaketarako edo sekzio ofizialerako 22 film aukeratu dira. Edo, hobeto esanda, epaimahai batek aukeratu ditu. Haren buru Bernadette McDonald dugu, hots, Banffeko Mendi Zinemaldi entzutetsuaren zuzendaritzan 20 urtez lanean jardun duena. Kanadarrarekin batera, beste ordezkari hauek izango dira: Jerzy Porebsky poloniarra eta Javier Alonso, Aitor Gisasola eta Patxi Basabe euskal herritarrak.
Filmez blai
Aipatu dugun legez, 22 dira sari nagusirako aukeratu dituzten filmak. Eta berezia bada ere, pantarailatuko den lehen pelikula «The Agard Project» izango da, hots, Torelloko zinemaldian sari potoloena irabazi zuena.
Azken hiru urteotako ekoizpenak ikusteko parada izango da, eta, ohi bezala, gai ugari ukitzen dituztenak: big wall-a, Himalaia, muturreko kirolak, mendi erreskateak, eskia, ekologia, eskalada...
Hori bai, esan beharra dago, baten bat izan ezik, lan guztiak Europako herrialdeetatik iritsi direla: Polonia, Erresuma Batua, Italia, Eslovakia, Alemania, Frantzia, Espainia, Suitza, Euskal Herria...
Horiek guztiak izango dira aurtengo zinemaldiko protagonista nagusiak, baina badira nabarmentzeko beste batzuk ere. Jabi Baraiazarra zuzendariak, adibidez, datorren astean hasiko den ekitaldiaren hiru zutabe nabarmendu ditu: «Batetik, lehiaketan parte hartuko duten filmen goi maila azpimarratuko nuke; mundu mailan oso onak dira. Bestetik, diziplina ezberdinetako alpinista eta kirolari entzutetsuak gurekin izango ditugu. Eta azkenik, Europa Gizarte Etxean ikusgai izango diren filmez gain, beste ekintza garrantzitsu batzuk dastatzeko aukera izango da».
Lehenbiziko zutabea aipatu dugu. Bigarrena, berriz, nazioarteko gonbidatu ezagunak ditugu: Erhanrd Loretan, Krzystof Wielicki, Horia Colibasanu, Karina Hollekin... Horietako gehienek lehiaketatik kanpo dauden filmak eta ikus-entzunezkoak emango dituzte.
Lehen bi edizioetan bezala, aurten ere argazki-erakusketak antolatu dituzte; bi, hain zuzen ere. Lehenak «Año Santo» du izenburua. Juan Ramon Llavoriren argazkiak Santa Maria katedralean ikusgai izango dira 10etik 21era. Eta, bigarrena, Maria Torresen «Emergent», Goiuri Jauregian, 13tik 31ra.
Eta nabarmentzeko beste deialdi bat dugu: Antzerki Bertikala. Antoine Le Menestrel eskalatzaile handiaren proposamena hiriburuko Alde Zaharrean ikusteko parada izango da 18an eta 19an.
Irakurtzen den bezala, Gasteizko III. Mendi Zinemaldia bete-betea datorkigu. Antolatzaileek iragarri dutenez, sarrera salmenta 13an hasiko da: turismo bulegoan (10.00etatik 14.00etara) zein Europa gizarte-etxean (saioak hasi baino ordubete lehenago) bertan eros daitezke, 3 eurotan. Horixe da Gasteiztik iritsi zaigu proposamena. Informazio gehiago: www.mendifilmgasteiz.com-en.
Gasteizko Mendi Zinemaldiak hiru ekitaldi beteko ditu. Bederatzi eguneko egitarau zabala prestatu dute.
22 dira sekzio ofizialean lehiatuko diren pelikulak. Azken hiru urteotako ekoizpenak dira.
Torelloko Mendi Zinemaldiaren 28. ekitaldiak arrakasta handia lortuta itxi ditu ateak. Hala dio, bederen, Joan Salarich zuzendariak: «Uste dut helburua bete egin dugula. Adibidez, lehiatu ziren 25 filmetatik 16 zuzendari gurekin izan genituen. Horretaz gain, pelikulak bereizmen handian eman genituen, eta, beraz, irudien kalitatea perfektua izan zen. Eta, hirugarrenik, aipatu behar dut aurtengo ikusleen kopurua mantendu dela».
Lehiaketari dagokionez, edizio honetako izar nagusia «The Asgard Project» filma izan da. Izan ere, Alaistar Lee britainarraren zintak Torelloko Sari Nagusia poltsikoratu zuen.
Mendiko pelikula onena, berriz, Remy Tezier frantziarraren «Au dela des cimes» izan zen. Film honek ere gidoi onenaren saria eskuratu zuen.
Beste film saritu batzuk: «Tuzgle» (mendiko kiroletako onena), «El camino del condor»(film ekologiko onena), «Lines of flight» (epaimahaiak aukeratua), «Wild Russia» (argazki onena) eta «Piedra de luz» (espainiar zuzendarien film onena). Andoni ARABAOLAZA
Mendiko diziplina ezberdinetako izen handiko gonbidatuak izango ditu Mendi Zinemaldiak: Loretan, Wielicki, Colibasanu, Hollekin...
Lehiaketatik kanpo dauden beste film batzuk, ikus-entzunezkoak, Antzerki Bertikala, argazki-erakusketak ere izango dira ikusgai