kirol eskalada Jarduerak
Bistaz zein landutakoetan emaitza bikainak erdietsi dituzte
Gorka Karapetok, besteak beste, 8b bat bistaz («Marroncita») eta 8c+ bat landuta («Mind control») kateatu ditu. Iban Larrionek 9a bat sinatu du: «Il domani» (Baltzola). Eta Mikel Ziarrusta Kantabriako Ramalesen 8c+ graduko «Asfixia Mental» poltsikoratu du.
Andoni ARABAOLAZA
Gorka Karapeto indartsu eta erabat motibatuta dabilela ez du inork zalantzan jartzen. Eta horren isla da azken bolada honetan sinatutako goi mailako kateatzeak. Kataluniatik, «erbestetik», azpeitiarrak hango eskalada eskoletan eginikoei buruzko informazioa helarazi digu. Eta, aitortu beharra dago, bai bistaz bai landutakoetan fin baino finago dabilela.
Jakin badakigu bere «erbesteko» lehen garaian batez ere bistaz eskalatu duela: «Aitortu beharra dut bistaz asko eskalatu dudala. Eta bistaz ateratzen ez bazen, orduan saio gutxienekin igotzen saiatu naiz».
Tres Ponts, Calders, Terradetseko Les Bruixes, Oliana, Perles, San Miquel... izan dira Karapetoren «jolas-eremuak». Makina bat 8a eta 8a+ zailtasuneko bideak bistaz egin eta gero, bere azken saria «Marroncita» marrarekin iritsi da. Olianan dagoen 8b hori oso ondo kateatu zuen: «Uste dut gradu horretan egin dudan bide onenetarikoa dela. Oso indartsu nengoen, eta ez nuen arazo handirik izan bidea igo ahal izateko. Zailtasun zein estilo horretan nire hirugarren bidea da».
Aise sinatu zuela argi dago; izan ere, eskalatzen ari zela egoera bitxia bizi izan zuen Karapetok berak eta segurtatze lanetan ari zenak. Azpeitiarra katera iritsi bezain laster, atseden hartzen geratu zen eta hortik gora zeuden hurrengo mugimenduak aztertzen. Segurtatzailea zein ondoan zeuden kideak zur eta lur utzi zituen gora eskalatzen jarraitu zuelako. Karapetok ez zekien benetako katera iritsi zela eta goiko tartea proiektu bat dela.
Les Bruixesen, berriz, «Golpe de Gas» bidean, bistaz eskalatzen ari zela, azken mugimenduan erori zen. Azkenean bigarren saioan atera zuen. Horrekin batera eta bi saiotan, gradu bereko beste lau bide sinatu ditu. Eta hori guztia gutxi izango balitz, 8b+ graduko hiru bide, bi saiotan, eta «El gran blau» (8b+/c); hau ere bi saiotan.
Eta zerrenda luze horrekin amaitzeko, landutakoetan oraingoz izarra duena aipatu behar dugu. Bai, Karapetok «Mind control» bidea (8c+) poltsikoratzeko indarra izan du: «Chris Sharmaren bidea da, oso ona. Guztira, sei saio behar izan ditut; horietako hirutan azken txapan erori naiz».
Baltzola eta Ramales
Bien bitartean, Iban Larrionek ere argi utzi du sasoiko dagoela. Esku artean oso erronka gogorra zuen, eta azkenean hura biribiltzea erdietsi du. Denbora asko Baltzolan sartuta ibili da kateatu berri duen bideak hala exijitzen zuelako. «Il domani» marrari (9a) buruz ari gatzaizkizue. Olaztiko eskalatzailea joan den azaroaren 25ean kateatu zuen.
Patxi Usobiaga eta Mikel Maeso izan ziren bide horri forma eman ziotenak; hots, bi eskalatzaileok bidea sortu eta ekipatu zuten. Gainera, lehen igoera Usobiagak berak egin zuen, eta «Il domani» bidearentzat 9a proposatu zuen.
Bidea igo eta probatu duten guztiek iritzi bera dute: oso ona eta gogorra dela. Hiru zati ezberdin dituela esan daiteke. Lehena, mugimendu fisikoak zein helduleku ertainak dituen bideko 8b+ bat da. Zati hau tako itxura duen helduleku batean amaitzen da. Hor ezinbestekoa da atseden apur bat hartzea. Bigarren zatia blokeko sei mugimendu dira (7c+). Eta, amaitzeko, bideko 8a-ko zati bat.
Larrion izan da bidea igo duen hirugarren eskalatzailea. Lehena, esan bezala, Usobiaga izan zen. Lehen errepikatzailea Iker Pouri egokitu zitzaion eta bigarren errepikapena nafarrarena izan da. Hori bai, Pouk ez bezala («Iñi Ameriketan» bidearen atseden lekua hartu zuen), Larrion marra originaletik igo da.
Baltzolako bide horrekin hiru dira Olaztikoak poltsikoan dituen 9a zailtasuneko marrak. Lehena, «Begi Puntuan (Etxauri) izan zen eta, bigarrena, «Psikoterapia» (Valdegobian).
Eta kronika hau ixteko, azken asteotan orri hauetan izan genuen eskaltzaile bat berriro aipatu behar dugu. Mikel Ziarrustari buruz ari gatzaizkizue.
Aurreko kronikan iragarri genuen gasteiztarrak Baltzolako «Guenga» bidea (8c+) kateatu zuela. Oraingoan zailtasun bereko beste marra batekin hurbildu zaigu: «Asfixia mental» (Ramales, Kantabria). Bide hau duela 20 urte zabaldu zen, eta orain arte kateatu gabe zegoen; beraz, Ziarrusta izan da saria eraman duena, eta 8c+ proposatu du. «Oso gustura jardun dut. Lehen katera arte (8b+) egina zegoen, baina inork ez zeukan goraino igota. 45 metro luze da, den-dena naturala (helduleku soil bat indartuta dago) eta oso teknikoa. Jarraikortasunekoa da, baina atseden leku baten ostean, blokeko bi zinta gogor daude. Nire ezaugarrietarako ez da oso egokia, baina fin ibili naiz. Inolako zalantzarik gabe, oinak ondo baino hobeto mugitu behar dira. Kantabriako lehen 8c+ da», adierazi digu gasteiztarrak.
Gorka Karapetok, Iban Larrionek eta Mikel Ziarrustak zailtasun handiko bideak sinatu dituzte azkenaldion