GARA > Idatzia > Mundua

Besteek eragindako klima aldaketa jasaten dutela salatu dute pobreenek

«Zor ekologikoa» kontzeptua jarri zuten mahai gainean Erdialdeko Amerikako herrialdeek Cancuneko gailurrean. Gogorarazi zuten herrialde industrializatuek garapen bidean dauden herrialdeekiko zorra dutela, haiek eragindako klima aldaketa jasaten dutelako pobreek.

p023_f02_097x136.jpg

Jose Angel ORIA

Luis Ferrate Guatemalako Ingurumen ministroak prentsaurrekoan adierazi zuen klima aldaketa herrialde industrializatuek eragin dutela, ez «garapen bidean» daudenek.

Adituen arabera, Erdialdeko Amerikako herrialdeak klima aldaketaren ondorioak era larrienean jasango dituztenen artean daude. Beraz, ez da harritzekoa SICA Erdialdeko Amerikako Integraziorako Sistemak gailurrean arazoari aurre egiteko makina bat neurri proposatu izana. Hala ere, ministroak Cancunen esan zuenez, «arazoa eragin duten herrialdeek orain ez dute erabaki lotesleen inguruko konturik aditu ere nahi».

«Erabat injustua da, klimari eta ingurumenari dagokionez, herrialde industrializatuek gure herrialdeekiko duten zor ekologikoa», erantsi zuen Ferratek. Gogorarazi zuen herrialde horiek milioika dolar inbertitu dutela fenomenoari aurre egiteko, nahiz eta arazo horren ehuneko oso txiki bat besterik eragin ez duten. Omar Ramirez Dominikar Errepublikako presidenteordeak Cancunen emandako datuen arabera, SICA sistemako herrialdeek negutegi efektua eragiten duten gasen %0,1 besterik ez dute isurtzen.

Begiraleek nabarmendu dute asteburu honetan agerian geratu dela batzuen eta besteen interesek bat egitea ezinezkoa dela. «Posizio bateraezinak» dituztela idatzi du «La Jornada» egunkarian Angelica Encisok. «Ia herrialde guztiek salatu zuten epe luzerako kooperazioaren negoziazioari buruzko ebaluaketa dokumentua. Kyotoko protokoloari dagokionez -irakur daiteke Mexikoko egunkarian-, Txinak gas kutsakorren isurketak murrizteko exijitu zien herrialde industrializatuenei eta Japoniak konpromiso berriak hartzeari uko egin zion».

Mezu baikorrik ere izan dugu asteburuan. Daniel Ortega Nikaraguako presidenteak adierazi zuen Cancuneko gailurrean planetari aurre egitea ahalbidetuko dioten konpromisoak hartzea espero duela.

NBE

Nekez aterako da Cancundik 2012an Kyotoko Protokoloaren lekukoa hartuko duen akordiorik, baina NBEk nolabaiteko baikortasuna azaldu nahi izan zuen eta oso emaitza onak espero dituela esan zuen atzo.

KONPROMISOAK

Isuriak murrizteko konpromiso zehatzik gabeko agiria nahi dute Japoniak, Australiak, Errusiak eta Kanadak. AEBak eta Txina elkarri begira daude. Europar Batasunak potentzia guztien konpromisoa nahi du.

greenpeace

Greenpeacek Europari eta Txinari esan die ezin dutela AEBen zain egon. Erakundeak uste du ez dela akordiorik lortuko, baina diru iturriei eta basoen suntsiketari buruzko erabakiak hartu behar dituztela erantsi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo