GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Urrezko Aizkora Binakako Txapelketa

Haginak zorroztuta hasi dute dema Nazabalek eta Mujikak

Maila ederra erakutsita, lehen garaipena lortu zuten Mujika eta Otaegiren aurka

p036_f01_97x136.jpg

GARA | BILBO

Aurtengo Binakako Urrezko Aizkora abian da eta, berau martxan jarri orduko, Floren Nazabalek eta Arkaitz Jauregik sasoi betean direla erakutsi zuten atzo Izarran. B multzoari dagokion deman, nafarrak eta arabarrak osatzen duten bikotea ezin finago aritu zen Jolas Leku frontoian jokatutako aurreneko jardunaldian eta hogei minutu pasatxotan (20.29) egindako lanari esker, aise gainditu zuen Jesus Mari Mujikak eta Joseba Otaegik eginiko lan saioa. Azken hauek hogeita bi minutu eta bi segundo behar izan zituzten sei modalitatetan 28 enbor mozteko eta ez zuten aurkariak estutzeko betarik izan.

Gaur, berriz, eguerdiko hamabietatik aurrera, Lizarrarako Remontival pilotalekuan dute hitzordua Lopezek eta Erasunek, batetik, eta Senosian anaiek, bestetik. C multzoari dagokion norgehiagoka hau estua bezain polita izango da, bigarren saioari aurre egin beharko dioten bi bikoteen arteko indarrak parekatu askoak baitaude.

Halere, Aitor Senosian olaguetarrak indar handiz egingo dio aurre probari, atzo txapela jantzi baitzuen Goizuetako pilotalekuan jokatutako Bigarren Mailako Nafarroako Aizkora Txapelketako finalean. Nafarroako aizkolariak majo sufritu behar izan zuen garaipena eskuratzeko, bigarren tokian sailkatu zen 19 urteko Ruben Saralegik ez baitzion lan errazik eman. Hartara, leitzarrak 17 segundo gehiago bakarrik behar izan zituen bost pago-enborrak mozteko. Hala, biak ala biak Nafarroako Maila Nagusian ariko dira heldu den sasoian.

Agirregabiria, nagusi txingetan

Bigarren urtez jarraian jantzi du txapela Juanjoxe Agirrigebariak Euskadiko Txinga-eroate Txapelketan. Hala, azken zortzi urteetan bost bildu ditu.

Goizuetan jokatutako neurketan debarrak 20 plaza burutu ostean laga zituen esku banatan eramandako 50 kiloko txingak eta bigarrena izan zen Mielangel Sukuntzari alde nabarmena atera eta gero, jokoan ziren Euskadiko eta Gipuzkoako tituluak erdietsi zituen. Sukuntza leitzarraren ondotik, Oscar Perez eta Andoni Zubiaurre sailkatu ziren hurrenez hurren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo