GARA > Idatzia > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Jose Angel Irigaray: «Abenduak elur zuri eta gaizto bat dakar»

Kultura munduak erreferente bat galdu zuen larunbatean, «aitzindari bat». Hala, Durangoko Azokaren hasiera ilundu egin zen. Abenduan zendu da Xabier Lete, eta Jose Angel Irigarayk hura omentzeko esan zuenez, Lourdes Iriondo eta Mikel Laboa ere abenduak eraman zituen. Miren Agur Meabek, Karmele Jaiok edota Juan Mari Irigoienek bere ekarpen luze eta oparoa goraipatu nahi izan zuten eta baita herriak oroitzapenean mantentzeak duen garrantzia ere.

p053_f01_203x148.jpg

Maddalen LARRINAGA | DURANGO

«Xabier Lete garai bateko bidegurutzean sentitzen genituen askatasun egarriak, sentimenduak, bizipenak, kezkak, galderak... poetikoki hitz bilakatu zituena zen beharbada», zioen Jose Angel Irigaray poeta eta Ez dok Amairu taldeko kide izan zenak. Taldekide izan zirenez ongi ezagutzen duen Lete eta bere obra. Hari buruzko hitzak izan zituen atzo Durangon.

Durangoko Azokak bere omenaldi txikia egin nahi izan zion atzo Xabier Leteri. Hala, Jose Angel Irigaray gonbidatu zuen Leteren poema bat irakurtzera. Omenaldi hori Ahotsenean izan zen 15.30etan Asier Serranorekin batera eta, Leteri buruzko hitzak esan ostean, 2005. urtean Lourdes Iriondo larriki gaixorik zegoenean idatzitako poesia bat irakurri zuen, «Egunsentiaren esku izoztuak» (2009an Euskadi Sariaren irabazle izan zena) liburuan topa daitekeena. Izan ere, honek azken denboraldian Xabier Lete izan zena bikainen deskribatzen zuen poesia baitzen. Irigarayk azaldu zuenez, Lourdes hil zenetik zintzilik zeuzkan gauzak lotzeko beharra zuela uste zuen eta poema horrek garai hartan zuen melankonia eta tristura islatzen ditu.

Irigarayk Letek utzitako emariaren kalitatea azpimarratu nahi izan zuen. «Berak ekarritako iruditeria, imajinarioa oso egokia izan da eta zorionez txertatu da herri honen subkontzientean eta ekarpen ikaragarriak egin zituen. Zendu zaigu zoritxarrez, baina zorionez bere emaria gure herrian txertatua dago. Poetikoki euskal kantagintzari maila altuena eman diona izan da. Eta beste askok gero bere poemak kantatu izan dituzte gainera; hala nola Mikel Laboak, Benito Lertxundik baten bat... Berak poesian eta kantagintzan ekarpen oso esanguratsua, kalitatezkoa, maila altukoa egin zuen eta hori geldituko zaigu».

«Aitzindaria izatearena eta erreferente bat izatea da bere ekarpen handiena», esan zuen bere aldetik Katixa Agirre idazleak.

Egiazkotasunaren jabea

Leteren lana luzea eta anitza da, eta zaila da hori guztia ongi ezagutzen duen norbait topatzea. Horietako bat Irigaray bera da eta hark azaldu zituen Leteren lanaren nondik norakoak. «Esateko zuen moldeak badu herri tradizioaren usaina, baina era berean ere oso gaurkoa da, gaurko poesia korronteak eta kezkak zituen. Horrek halako bizigarritasun bat ematen zion. Bizigarritasun horrek eta berak kantatzeko garaian zeukan sinesgarritasunak, sinezkotasuna, indarra; nahiz eta gaxorik egon, kantua sinesgarri bilakatzen zuen. Hori, gainera, gizartean txertatzea lortzen zuen berari entzundakoan sortutako sinesgarritasunari esker. Eta gaur egun hainbat eta hainbat kantu daude; hain zuzen bizirik dagoen seinale».

Ondorioz, islatzen zuen sinesgarritasun hori Letek zuen ezaugarri nagusienetakoa zen. «Letek egin zuen ekarpenik garrantzitsuena agian egiazkotasun hori izan zen. Bai bere poemetan baita kantatzeko moduan atzean egia bat dagoela ikusten da, kontatzen duena ez dela izateagatik. Bere barne-barneko zerbait dago. Eta ekarpen hori da, bere barnean dagoena plazaratzea», zioen Karmele Jaio idazleak.

Katixa Agirrek Leteren heriotza Mikel Laboarenarekin alderatu zuen. «Bere heriotzak Mikel Laboarenak duela bi urte suposatu zuen berdina suposatzen du. Galdu den erreferente bat da, baina aldi berean lasai gaude badakigulako beti egongo dela hor eta beti izango dugula gogoan Mikel Laboa daukagun bezala».

Miren Agur Meabek utzitako materialarengatik eskerrak eman zituen: «Albiste tristea izan da, baina horren gainetik kontziente izan behar dugu zer altxor izan den. Beti sakonera jo duen gizona izan da (landu dituen gaietan bereziki, bai sozialetan eta baita esistentzialetan ere). Batzuetan gure euskalduntasuna edo gizatasunaz zalantzaren bat badugu, bere liburu batera hurbilduz gero, zalantzak uxatu egingo zaizkigu. Gure nortasunaren ikur bat bihurtu da. Euskal kulturaren arloan galera bat da, baina berak bere lana eginda dauka. Maila handiko lana egin zuen Ez dok Amairuren garaitik aurrera, aldi eta estilistaka ezberdinekin eta, nik uste dut, bere bizitzaren `zazpi orduak' (bere liburu bati buruzko egindako keinua) ondo beteta eta danori opari handi bat eginda doala. Pena bai, baina uzten digu besteak beste, danok arrotzeko moduko hondare eta mentalidade bat».

Hizlari eta idazle izandakoa

Juan Mari Irigoienek familiaren ikuspegitik deskribatu zuen idazlea. «Xabier lehengusu txikia nuen eta hori dela-eta, familiakoa izan da beti. Hortik aurrera, poeta izugarria zela uste dut nik, baita kantaria ere. Ni musikan analfabetoa naiz, baina susmoa det akademiako batek izugarria zela esango lukelakoaren susmoa dut. Izugarria zen. Bere ahots lakar horrekin indarra zuen. Ez da Euskal Herrian beste inor kantatzen bere hainako indarra izan duenik. Horretaz gain, hizlari aparta zen. Elkartzen ginenean grazia eta hitz jarioa zuen. Ez zen idazlea bakarrik, hitz jarioduna ere bazen». Baina maila profesionalean zuen aniztasuna ere kontutan hartzekoa da; hori dela etea, Irigoienek poliedro batekin konparatu zuen. «Xabier Leteren aurpegiak asko dira, poliedro batean bezala, eta ni guztiekin gelditzen naiz. Bera iluna eta alaia zen, aurpegi guztiekin gelditzen naiz».

Xabi Bastida, Su Ta Gar taldeko kitarrajolea ere Durangon ibili zen saltzaile paperak egiten bere taldeko materiala salduz eta hark ere izan zituen Leteri buruzko hitz gutxi batzuk. Hark txikia zenean ezagutu zuen Xabier Lete abeslaria: «Umetan ezagutu nuen, etxean bagenuen kasete bat eta beti gogoratzen dut bere ahotsa «Nafarroa arraoa» abestia kantatzen. Bere izena arrez geroztik entzun dudan bakoitzean beti horrekin erlazionatzen dut». Gainera, Leteren lan gogor eta jarraituak zearo harritzen zuela ere aitortu zuen: «Musika mailan eta idatzi dituen gauza guztiekin garranzitsua izan da kulturan. Oso argala ikusten nuen azken denboraldian telebistan, eta ekinean zebilen beti, musika gainean hizketan edo olerkiak irakurtzen. Hori ikustean neure buruari esaten nion: joño, honek hemen jarraitzen du jo eta fuego gelditu gabe, urte askotan. Holako gauzak mirestu egiten ditut».

Hil osteko argitarapenak

Hemendik aurrera bere kantu eta poesia liburuak izango ditugu oiartzundarra gogoan izateko. Hala ere, Jose Angel Irigarayk etorkizunean gerta litekenari buruzko aurrerapen txiki bat eman zion Garari. «Bazuen munduaren egoeraz, filosofiaz, giza kondizioaz, harremanaz hitz egiten zuen testuren bat. Nik uste dut idatzita daudela gainera. Berak esan baitzidan bazituela idatzitako koadernoak. Iritsiko da horiek hartzeko momentua eta ikusiko dugu argitaratzeko aukerarik badagoen, baina ez dakit».

«Orain egin behar dena irakurri eta entzun; eta, nik uste dut, horrekin bera oso saritua sentituko zela. Azken denboraldian eman zituen hamar errezital horietan jasotako erantzunarekin hala sentitu zen: `beno, zerbait egin dugu behintzat'», azaldu zuen Irigarayk.

Idazle eta musikariei Xabier Leteren obra gustukoena zein zen esateko unea zaila egin zitzaien. ««Zure tristura nabari dut» kanta nik askotan entzun dut eta askotan unkitu eta negarrez ipini izan nau, hori da agian nire gogokoena», zioen Miren Agur Meabek. ««Nafarroa, arragoa» da beharbada nire gustukoena», zioen Juan Mari Irigoienek zalantzaz betea, horrek ere ekartzen dizkio Su Ta Gar-eko Xabi Bastidari txikitako oroitzapenak. Karmele Jaiorentzat «Xalbadorren heriotzean», «klasiko bat bihurtu delako eta hori bururatzen zaidalako, baina beste asko daude» eta Jose Angel Irigarayk Leteren poesia arloa goraipatu nahi izan zuen bere poeta aldetik.

NEGUAK ERAMANDA

Xabier Lete Ez dok 13 taldean hasi zen beste hainbatekin. Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Lourdes Iriondo edota Jose Angel Irigaray besteak beste. Laboa, Iriondo eta, orain Lete, hirurak abenduaren hasierako egunetan zendu dira.

ETORKIZUNEKO LANA

Azken liburua argitaratu zuenetik bi urte igaro diren arren, Jose Angel Irigarayk GARAri esan zionez, Letek hainbat koaderno zituen idatziak. «Iritsiko da horiek hartzeko momentua eta ikusiko dugu argitaratzeko aukerarik badagoen, baina ez dakit», esan zuen poetak.

BAKARKA

Zazpi olerki-liburu eta bederatzi disko atera zituen guztira bakarrik Xabier Letek. Aurretik Ez dok 13 taldean aritu zen eta pentsalari bezala ere aritu zen. Azken urteetan poesia errezitalak egin zituen Gipuzkoan zehar. Azkena Errenterian izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo