GARA > Idatzia > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Ken zazpi plateruenako azokan, edo tximeletak nerabeen sabeletan

Hotz abiatu zen herenegun Durangoko Azoka, eta atzo berotzen hasi, Landakoz gain, Ahotsenea eta Haur Txokoa martxan jartzearekin bat. Bada baina beste Azoka bat, Landakok ateak itxi orduko, Durangon piztu eta Plateruenako zuzenekoetan eta Goienkaleko poteoan su hartzen duena.

p056_f03_182x120.jpg

Anartz BILBAO

Azken urteotan, Euskal Herriko diskoetxe nagusiek beraien apustu handienak eta talde arrakastatsuenak zuzenean aurkezteko baliatu dute Plateruenako oholtza, Azokak ateak itxi orduko, martxan jartzen den Durangoko gau giroan. Eta eguneko gau bat nahikoa ez denez, egitaraua iragan ostiralean abiatu zuten, Esne Beltza taldearekin. Gipuzkoar talde festazaleak 700 lagun erakarri zituen aretora, zuzeneko grabaketa egiteko jo zuten kontzertura. Gainera, atzo ikusi ahal izan zenez, ase ez eta herenegun eguerdian Landakoko plaza hartu zuten berriro, eguerdia berotzeko asmoz.

Baina Durango erdigune dugun egunotan gernikar sortzaileak ditugu nagusi, Gatibu, Ken Zazpi eta Audience taldeen jardunarekin. Alex Sarduik gidatzen duen laukoteak (boskote bihurtzen da zuzenean) atzo bete zuen Plateruena -zuzeneko lan bat argitaratu berri dute Baga-Bigan, kantu berri eta guzti-, eta salgai ziren 900 sarrerak agortu astea hasi zenerako. Audience, berriz, ez da akaso horrenbeste jende erakartzeko gai -bidezidorren zale, intimoa eta landua dute proposamena-, baina musikazale amorratuen artean estima handia lortu dute, ingelesez abestuz eta amerikana eginez, musika ikuspegi berezi eta bakarra agertu dutelako gurean. Aurten, «Amerikanuak» dokumentalaren musikaz arduratu eta emaitza salgai jarri dute Bidehuts zigiluan, eta Mikel Laboaren omenez plazaratutako «Txinaurriak» bilduman ere hartu dute parte, «Lili bat» birlandatuz -zigilu berean-.

Hunkitzeko gaitasuna

Buelta dezagun begirada herenegun gauera, eta Ken Zazpiri arreta jarri. Arratsalderako sarrerak agortu eta ikusmina sortu zuen taldeak, ez da-eta makala izan «Ortzemugak begietan» lanarekin hartu duten erronka, bai Argiak-Elkar zigiluen elkarlanak eman duen diskoa plazaratzeko, bai berau zuzenekora eramateko.

Ordu erdiko atzerapenarekin hasi eta bor-borka jarri zuen Plateruena boskoteak. Atzean, altzairuzko xaflez osatutako horma zutela (Guggenheimen bageunde legez), argi joko ikusgarria agertu zuen taldeak -Jabi Ullaren lana-, eta Aitor Oñaederraren irudiak proiektatu zituen bertan, tximeleta -pinpilinpauxa omen orain dotoreago- batzuekin hasita. Eta zaleak zoro!

Aretoa mukuru, publikoa mailaka antolatu zen, modu naturalean. Lehen lerroan, oraindik nerabe izateko itxaron beharra duten umeak, bigarrenean nerabeak, eta atzean bikote ugari, asko besarkatuta. Baita gazte jendea ere, koadrila giroan. Emanaldi osoan argazki ugari egin ziren sakeleko telefonoz, eta karaoke erraldoi bihurtuta, kanturik gehienak publikoak ere kantatu zituen, azken diskokoak barne, dagoeneko ondo ezagunak dira-eta.

Bost musikari bikainek osatzen dute oholtza gainean Ken Zazpi, atzo berriro agertu zutenez. Soinu indartsu -aurrean eta guretzat, gehiegi- eta garbi-garbiarekin, sarrerak indartsu egin eta guk espero baino rockeroago sumatu genituen hasieratik bukatu arte, bene-benetan rockero (Haritz Harreguy da zuzeneko soinuaren arduradun). Jon Fresko eta Igor Artzanegik osatzen duen sekzio erritmikoa zehatza da; Iñaki Zabaleta teklatu-jotzailearen txinparta melodikoak, finak; eta Eñaut Elorrietak badaki begiradak bereganatzen, baina guk Beñat Sernak gitarran egindako lana goraipatu nahi dugu.

Norbaiti entzuna diogu nerabeentzako taldea dela, baita azken lanak publiko nagusiagoa bereganatu duela ere atzo beste bati, baina atzerritarrak balira, gurean zale helduagoak lituzkeela begitantzen zaigu.

Ken Zazpik «Ortzemugak begietan» zekarren plazara, eta lan berrian konfiantza osoa jarrita, diskoa zabaltzen duen «Hegoak astindu» jo zuten aurrena, dagoeneko publikoa Elorrietak eskuan «tatuatuta» zeraman espiralak hipnotizatua zuela. Eta gero, jarraian, «Nire Lurrari». Orduan hartu zuen hitza kantariak, «hortzemugak begietan gatoz zuekaz bidaiatzeko» esateko, eta Xabier Leteri omenaldi xumea eskaini zioten gero, «Ihes Betean» kantua olerkaria den tokira kantatuta.

Boskotea Mungiako Olalde aretoan izana da zuzeneko bira atontzen -entsegu eta frogak egiten-, eta Plateruenakoa zuen lehen jarduna. Eta oraindik kontutxo batzuetan hotz eta xehetasunak lotzeke ematen bazuen ere, dena ondo neurtua duela dirudi. Beste modu batean esanda, sasoiko dago taldea, eta abiadura hartzen duenean ez da isiltzen erraza izango.

Lan berriarekin jarraituz, Maialen Lujanbiok idatzitako «... eta azkenak hasiera», «Olatuz olatu», Joseba Sarrionandiaren «Gernika» -Elorrieta belauniko eta kantuan guztiz barneratua zela-, guztiak errenkadan eta intentsitate handiz, Picassoren koadroa gorria delako -taldearen esanetan-, «bonbardaketa bukatu ez delako».

Zuzenekoaren lehen etenak unerik hunkigarrienetarikoak ekarri zizkigun, Serna eta Elorrietak, gitarra akustikoak eskuetan, dagoeneko taldearenak baino herrikoiak diren «Ilargia» eta «Zenbat min» uztartu eta modu intimoan jo zituztenekoak, beste taldekideen beharrik gabe. Zalantzarik gabe, entzule batek baino gehiagok gogokoen izan zuen unea, dagoeneko kantuak oso barneratuak dituelako.

Baretu, arnasa hartu eta kalipua berriro, Sernaren Gibson eta Elorrietaren Gretsch beltz borobilean, «40 minutu eta milaka taupada» Plateruenan, eta «Malen» bigarren txanparekin hasi eta «Gutuna» zein «Haizea» kantuarekin jarraitu.

Oraindik beste horrenbeste genuen aurretik, eta berriro azken lanera bueltatuta, Julen Gabiriaren «Bala bat lurpean» jo zuten, baita «Ilunpean» eta «Bihar» ere, Sernaren gitarra aldaketa eta guzti. Eta halako batean, Jon Maiaren «Itxasoa gara» entzun genuen -oholtzarako eskailera ertzean zen neskato batek ia hasieratik eskatzen zien kantua-. «Maitasun kantu bat», diosku Elorrietak.

Zuzenekoak bereak emanak zituen jada, baina sentiberatasun ikaragarriz eta hunkitzeko duen gaitasuna azaleratuz, bisetan eta «etxetik urrun dauden horientzako», berriro ere Sarrirengana jo eta «Hemen gaude» eskaini zuen boskoteak, «Noizbait»-ekin jarraituta.

Elorrietak, «asmoak gauzatzeko giltza barruan daramagu» bota zion aurrean sutan zuen entzuleriari, «ezeri itxaroten egon gabe», eta aretoko arduradunei argiak pizteko erregutu zien, publikoarekin bat eginda «Zapalduen olerkia» ozen aldarrikatzeko. Bi orduko jarduna eta zaleak ase, batzuk aretoan pozez saltoka Porrotx ikusi zutela esatera ere ausartu ziren. Halakorik!

Hemendik aitzina

Lehen aipatutako Audience taldearekin batera -atzo Ahotsenea bete zuten, umeak aurrean barrez eta gurasoak atzean aho-zabalik zirela-, gaur Atom Rhumbak emango dio segida egitarauari. «Gargantuan Melee» da lehen bizkaitar eta orain erdi nafarra dugun piztitzarrak agertu duen disko berria -Brian´s Records zigiluan-, bi urte lozorroan egon eta gero. Seguruenera gaur ez dute Plateruena betetzea lortuko, baina Audience zein Atom Rhumbaren zuzeneko grinak ez du parerik gurean.

Egitaraua etzi itxiko du Plateruenak. Bihar, gaurik intimoarenarekin, Bide Ertzean eta Txuma Murugarrenek partekatua -biak Gaztelupeko Hotsak zigiluko kide-. Lehenek «Don inorrez» lasaian agertu dute bikaintasuna, eta «B aldeko kantuak» aurkitu berri ditu bigarrenak. Eta lagunen arteko festa atseginaren ondotik, aurtengo plazari agur esateko, Korrontzi folk taldeak Oinkari dantza taldearekin batera erakustaldia egingo du, eta Baga-Bigan plazaratu duten DVD lana aurkeztu. Egunez ibili eta gauez lo egiten duenak ere badu zer entzun Plateruenan oraindik. Gaur Kalakan taldearen kantaldia izango dugu 13.00etan, eta bihar Ipar Euskal Herriko oholtza bihurtuta eta ordu berean, Beñat Achiary & Michel Queilleren eta Mixel Etxekopar & Francois Rosseren jarduna.

Eta kontu egin, goizeko hamarretatik zortzietara, Ahotseneak doako eskaintza oparoa du-eta, musika emankizun eta guzti.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo