DURANGOKO AZOKA
Literatura eta musika, euskararen eta kurdueraren arteko zubia eraikitzeko
Kurdistandik Durangora. Bidaia luzea eta neketsua izan zen, baina merezi zuela adierazi zuten atzo Azokan parte hartu zuten kurduek. Irakasleak, musikariak eta idazleak bertaratu ziren euren kulturaz, hezkuntzaz eta politikaz hitz egitera. Euskara bezala, beraiena ere erasotako hizkuntza dela salatu zuten, baina gogoz ekinez, etorkizunari begira itxaropentsu agertu ziren.
Oihane LARRETXEA
Turkia, Siria, Iran eta Iraken menpe dagoen herria da Kurdistan eta 30 milioi pertsonak hitz egiten dute bertako hizkuntza, hots, kurduera. Geografikoki Euskal Herritik urrun dago, baina euskararen eta kurdueraren artean diren antzekotasunek gerturatu egiten dituzte bi herriak.
Durangoko Disko eta Luburu Azokako gonbidatua Kurdistan den honetan, atzoko egunean «estaturik ez duen herri handiena» izan zen zutoin nagusia. Hitzaldi, poesia errezitaldi eta beste ekitaldi batzuen bidez beraien kulturari, hezkuntzari eta politikagintzari buruzkoak ikasteko aukera izan zen. Nagusiek ez ezik, haurrek ere izan zuten zer ikasi Zinar Ala eta Sinar musikariekin. Gitarraz eta pandero txiki batez lagunduta, bertako kanta herrikoiak abestu eta dantzak erakutsi zizkieten.
«Euskara eta kurduera: estaturik gabeko bi hizkuntza» lehen mahai-ingurura Josune Ariztondo Bizkaiko Aldundiko Kultura diputatua eta Edurne Brouard AEK-ko ordezkaria gerturatu ziren. Ipar Kurdistandik (hain zuzen Turkiaren menpe dagoen zonaldetik) Ronayi Onenek kurduera irakaslea eta kurduera irakasteko liburuen egilea bertaratu zen. Berarekin batera Daban Shadalak, Hego Kurdistangoa, Iraken menpe dagoen eremukoa. Biak kurduak izan arren, aurrera jarraitu baino lehen azpimarratu nahi izan zuten euren egoerek ez dutela zerikusirik, eremu ezberdinetakoak izanik, gobernu edota araudi ezberdinak dituztelako eta, ondorioz, lurralde bakoitzak duen garapenak ere, ez duelako zerikusirik.
Ezaugarri ezberdin horiek salbu, euren kulturarekiko maitasun bera sentitzen dute eta, atzo adierazi zutenez, etorkizunerako bide bakarra Kurdistanek bere autonomia propioa eskuratzea da.
Hizkuntzen aferara itzuliz, geureari dagokionez, Edurne Brouad oso baikor agertu zen. «Botila erdi betea dago: azken hogei edo hogeita hamar urteotan aurrerapausoak eman ditugu botilaren metaforan. Gainera, ez dut uste, hori ukatzeak mesederik egiten digunik». Bere aburuz, euskarak etorkizuna bermatuta dauka, baina kontuz, «hizkuntzak aurrera egiteko herriak nahi izatea ezinbestekoa delako», zioen. Mutur honekin ere positibo agertu zen, ez baitzuen euskal herritarrek duten jarreraz dudarik azaldu.
Aurrerapausoa ere eman da Shadalaren Hego Kurdistanen. «Oro har, garapena handia izan da azken urteotan. Adibidez, 120 milioi inbertitu dira heziketan eta eskolak kurdueraz jaso daitezke. Komunikabideei dagokienez, gaur egun hamar telebista kate ditugu eta kurdueraz ehun aldizkari baino gehiago argitaratzen dira. Urrats handia da kontuan izanik Sadam Husseinen diktaduran bi besterik ez zirela kaleratzen eta, hauek ere, zailtasun handiekin».
Datu baikorrak dira Euskal Herrian, Ariztondoren aburuz. Geure arazoa ez da euskara jende gehiagok edo gutxiagok ezagutzea, baizik eta euskara jakinda erabiltzen ez duen jende asko dagoela. «Sei urtetik gorako pertsona guztiak elebidunak dira eta 16 eta 35 urte artekoen bi herenek euskaraz dakite». Zer gertatzen da orduan? «Gehienek etxean ez dutela euskaraz egiteko aukerarik. Gazte hauen gurasoek ez dakite euskaraz, Francoren dikataduran aukerarik ez zegoelako. Konpromisoak bide horretatik hartu behar ditugu».
Estatuen zapalketa
Hitzaldian diktadore ezberdinen izenak atera ziren argitara, baita Kurdistango herriaren aurka lau estatuk egiten duten jazarpena ere. «Geurea dialekto hutsa zela esaten ziguten -oroitu zuen Onenek-. Garai batean Turkiaren helburua gu bakartzea, isolatzea eta geure herria desagerraraztea zen». Bakartzea eta ukazioa, euskarak ere hainbestetan jasan (eta jasaten) dituen bi egoera. 1991. urteaz geroztik, egoerak hobera egin duela gaineratu zuen eta ordura arte jasandako debeku asko desagertu egin direla. «Geurea ez ziguten beste hizkuntza ofizial gisa onartu, baina behintzat kurdueraz idazteko eskubidea aitortu zitzaigun. Orduan hasi ziren pixkanaka eleberriak eta abar».
Kulturan eman zuten aurrerapausoa hezkuntzan ere eman zuten eta gaur egun hiru unibertsitatetan kurduera eskaintzen da hautazko ikasgai gisa. Hala ere, botila betetzea oztopatzen duten egoerak badira oraindik ere. Kurduera ikasteko adibidez, ordaindu egin behar da, erakunde pribatuak arduratzen baitira horretaz. Horren harira, Brouadek euskaltegien adibidea jarri zuen eta, «tamalez», geurean ere, ama hizkuntza ikasteko ordaindu beharra dagoela salatu zuen. Onen eta beste hainbat kide boluntario gisa dabiltza kurduera irakasten, ez baitzaie «bidezkoa» iruditzen ordaindu behar izate hori. Jarduera honengatik hainbat irakasle kartzelan daudela salatu zuen.
Hizkuntza normalizaziorako bidean, Turkia Europar Batasunean sartzeak kurduerari mesede egin diezaiokeela esan zuen Onenek. Bere ustez, «presioa» egin baitiezaioke Turkiari euren hizkuntza gutxitua errespeta dezan. Halere, irtenbide zuzenena zein den argi dute: «Kurdistan herri independente bilakatzea; ez dut uste beste biderik dagoenik», erantsi zuen.
Literaturan eta musikan ere bai
Euskarak eta kurduerak berriro topo egin zuten Euskal Idazle Elkarteak antolatutako poesia errezitaldian. Gainera, eta Kurdistan Azokako gonbidatua dela aitzakiatzat hartuta, elkarteak argitaratzen duen «Hegats» aldizkariaren alea eskaini dio herri honi. «Orri gutxitan Kurdistanen argazki orokorra ateratzeaz gain -azaldu zuen Igor Estankona poeta bizkaitarrak-, euren kulturako obra klasikoak ere hautatu ditugu. Finean, literatura honetara gerturatu nahi duen ororentzat lanabes bat sortu nahi genuen». Urtzi Urrutikoetxeak ere kolaboratu du zenbaki honetan. Literatura kurduaren harribitxi batzuk proposatu ditu horretarako.
Esan bezala, atzoko gonbidatu kurduak zailtasunak izan zituzten Durangora iristeko, aireportuetako grebak zirela-eta. Kostata, baina Irfan Guller, abokatu eta pentsalari kurdua, garaiz iritsi zen (Okzitaniako Tolosatik taxi bat hartu behar izan zuen horretarako!). Ehmud Huseyini poeta «handiak» ez zuen zorte bera izan eta Erresuma Batutik ezin aterata gelditu zen.
Kurdistanera egindako bidaiatik hausnarketaz beteta bueltatu zen Urrutikoetxea. Bere aburuz, euskaldunok eta kurduek «literaturari dagokionez, badugu antzekotasunik. «Herritar gehienek auzokoen herriko hizkuntzan idazten dute eta oso minoria txikia izan da euren hizkuntzari heldu diona, gehienek turkiarrez, persieraz nahiz arabieraz idatzi dutelako». Beraien hizkuntzan idazteari geroago ekin zioten arren, «ahozko tradizio handia daukate».
Kulturaren beste zutoina, musika, Zinar Ala eta Siwar Alak jarri zuten. Umeei zuzendutako saioan, abesti herrikoiak jo zituzten. Gitarraren soinu leunaz eta pandero txiki batez baliatuta, abeslariaren ahotsak bereganatu zuen arreta. Ikusleek hasieran lotsati txalotu bazuten ere, denek abesten amaitu zuten. Ez genekien zer zioen abestiak, baina hori bai doinu polita kurduena!