GARA > Idatzia > Kultura

DURANGOKO AZOKA

«Non hago» kantatu zion herriak Xabier Leteri azken agurra emateko

«Adiskide bat bazen / orotan bihotz bera / poesiaren hegoek / sentimenduzko bertsoek / hantz aldatzen zutena. Plazetako kantari / bakardadez josia / hitz-eldioa iruten / bere barnean irauten / oinaz ez ikasia, ikasia. Non hago, zer larretan / ur-epeleko hartzaia / mendi hegaletan gora / horoitzapenen gerora / ihesetan joan hintzana». Xabier Leteren abesti ezagunenetarikoa bilakatu da «Xalbadorren heriotzean» eta hori erabili zuten hura omentzeko.

p050_f02_203x104.jpg

Maddalen LARRINAGA | DURANGO

«Xalbadorren heriotzean» abestia Xalbador bertsolariaren omenez idatzi zuen Xabier Letek. Orain, aldiz, bera omentzeko abesti bilakatu da herriarentzat. Durangoko Azokan herritarrek, Gerediaga elkarteak deituta, bi omenaldi egin zizkioten idazle eta abeslariari. Batetik, eguerdian Euskal Herria Kantuz kantuzaleen elkarteak herritarrak Landako gunearen kanpoaldean bildu zituen eta «Xalbadorren heriotzean» abesti hunkigarria kantatu denek batera. Arratsaldean omenaldia errepikatu zuten. Bestalde, Ahotsenearen karpan, 15.30ean Jose Angel Irigarayk, Ez Dok Amairuko partaidea izandakoak ere, Oiartzungo idazlearen poema baten irakurketa egin zuen.

Hala ere, Durangon egin direnak ez dira kantariari egingo zaizkion omenaldi bakarrak izango. Urnietako Udalak udalbatza berezia antolatu zuen atzo eguerdian eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte bizilagunari omenaldia egiteko, Lourdes Iriondo bere emaztea zenarekin batera hamarkadak baitzeramatzan Urnietan bizitzen.

Lete larunbat gauean hil zen Donostiako Ospitalean, 66 urte zituela. 80ko hamarkadan hesteetako gaixotasun larri bat atzeman zioten eta, harrezkero, gaixotasunaren aurka borrokatu zen urteetan. Gorpua Hernaniko beilatokian dago ikusgai eta, erraustu ostean, hileta elizkizunak Urnietako parrokian egingo dizkiote bihar.

Adierazpen instituzionala egin zuen Urnietako Udalak: «Xabierrek Euskal Herria sentitzen zuen, bere akats eta bertute guztiekin, eta Euskal Herriak eta bertako bizilagunek atsekabea sentiarazten zioten, herri honen gorabehera guztiak oso sakon sentitzen baitzituen. Horregatik, guztion bizilagun zela diogu». Urnietan hamaika ekimen eraman zituen aurrera idazleak; antzokian, ikastolan, emanaldietan... Hori dela eta, urnietarrek sekula ezingo diotela zor hori ordaindu dio adierazpenak.

Xabier Leteren gorpua Hernaniko beilatokira eraman zuten atzo eta pertsona ezagun ugari izan zen bertan, idazle eta politikariak; hala nola, Jose Angel Irigaray, Patxi Lopez, Markel Olano, Blanca Urgell edota Maria Jesus Aranburu. Patxi Lopez lehendakariak «haizeak sekula eramango ez dituen milaka hitz eta soinu» utzi dizkigun autore gipuzkoarraren heriotza tamaldu du adierazpen instituzional baten bidez. Letek «une gogorretan gizakiaren duintasunak mugarik ez duela» erakutsi duela ere azpimarratu nahi izan zuen Lopezek. Soinu eta hitz horiek ez direla galduko eta «gure oroimenean» kabia egin dutela gehitu zuen Lopezek. Gainera, Leteren ondarean «tristeak» kontsolamendua aurki dezakeela ere esan zuen eta «alaiak, zorionaren argi-izpia», bertan nahasturik baitira «bai algara, baita negarra ere».

Markel Olanok, bestetik, Letek «euskal arima» ukitzeko gaitasuna zuela adierazi zuen eta bere ondareak «gurekin» jarraituko duela. «Xabier Lete gure euskal nortasun kolektiboaren ezinbesteko zatia da eta gutako askorentzat gure nortasun indibidualeko zati ere bada, gure sentsibilitatekoa, bizitza ikusteko gure moduaren zati», gehitu zuen Olanok. Rafaela Romerok, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak atzo Gipuzkoako autore onenetarikotzat jo zuen, euskal kulturako «erreferente». Horrez gain, lehendakariak batzordekideen artean Leteren ibilbidea nabarmentzeko adierazpen bateratua egiteko ekimena bultzatzeko asmoa duela adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo