GARA > Idatzia > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Zarataren gainetik, Leteren ahotsa

Anartz Bilbao Kazetaria

Gezurra dirudi bizitza osoan zalaparta, zarata eta oihu zale izan den hau isiltasun aldarri jardutea. Eta sinistuko ez duzuen arren, etengabeko zurrunbiloan igerian, hala dabil.

Iluntzerako girotu zen arren, atzo ere tantaka-tantaka gerturatu zen jendea azokara. Jendearen berbaro beroari bozgoragailuetako musika eta bi hauei pantailetako jarduna gehitzen zaie -Ahotseneako jarduna, Ken Zazpiren kontzertua...-; Azokak ateak itxiko dituela edo hurrengo eguneko egitaraua aurkezten du, eta aurkezpen aretoan ere soinu saltsa izugarria sortzen da. Ez dirudi baina inori inporta zaionik.

Eta zarata jasaezinaren gainetik, Xabier Leteren ahots sendoa nabarmendu da, isiltasuna sortuz. Presente ez dagoen arren zendu eta Azoka bete du oiartzuarraren presentziak. Eguerdian «Xalbadorren heriotzean» kantatu du plazak, gurea oraindik ere herri kantuzalea da eta. Irigaray lagunak esan duenez, Ipar Euskal Herrian ez omen da ikur bihurtua duten kantua kantatzen ez den herri afaririk, «frantximentek ere kantatzen dute».

Orain bi urte, eta iragarpen gisa, «Egunsentiaren esku izoztuak» (Pamiela) aurkeztu zuen Azokan Letek. Bertan gerturatu eta jasotako laztanek animatuta, hamar errezitaldi publiko ere egin zituen gero.

«Azaroko arratsaldean elurra ikusi dut, bi aldiz mendiaren hegal gailurretan. Zuri hartan begirada itsatsirik, berriz ere negu atarian, esan diot ahots apalez neure buruari. Zer nolako hunkidura elur zuriena...», irakurri du Joxeangelek Xabier lagunaren olerkia. Poeta joan zaigu, baina hitza utzi dio herriari.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo