DURANGOKO DISKO ETA LIBURU AZOKA
Ahotseneak «arnasa» eman dio Durangoko Azokari
Krisiak bizkar eman dio Durangoko Disko eta Liburu Azokaren 45. edizioari. Asteburuan uste baino jende gutxiago bildu zen arren, Landakok iazko markak berdintzea lortu du bisitarien aldetik. Salmentetan ere orokorrean ez da beherakadarik izan; arrazoi nagusienetakoen artean, Ahotsenearen eragina nabarmendu zuten diskoetxe eta argitaletxe gehienek. Salduenen zerrendan, Sarrionandiaren eta Izagirreren saiakerak eta Berri Txarrak, Gatibu eta Ken Zazpiren diskoak, besteak beste.
Ariane KAMIO | DURANGO
Itxi ditu ateak 45. urtez Durangoko Disko eta Liburu Azokak. Krisiaren mamua zelatan izan du aurtengo edizioan, baina jendearen erantzun onak zenbaki negatiboetara erortzeko arriskutik salbu jarri ditu Landako guneko salmahaietako arduradunak. Zifrak, beraz, (orokorki begiratuta bederen) iazkoaren antzekoak izan dira aurtengoak ere.
Harrera aldetik «gorabeheratsua» izan dela nabarmendu zuten atzo Gerediaga Elkarteko arduradunek. Asteburuan, batez ere larunbatean, antzeman zen bisitari kopururik baxuena. Azokako zuzendari Jon Irazabalen esanetan, egoera hark «urduri jarri gintuen bai gu bai salmahaietako arduradunak ere», aurtengoa inoizko ediziorik kaskarrena izan zitekeelakoan. Igandean, ordea, euskal kulturazaleen kopuruak gora egiten jarraitu zuen, eta azken hiru egunetan ohiko jendetza bildu da Landakon. Salmahaiak gune komertzialak izatetik elkarrizketa eremu izatera igaro direla ere ohartarazi zuen. Bisitariei dagozkien helburuak beteta amaitu da, beraz, aurtengo azoka.
Gerediaga Elkarteak azken 45 urteetan euskal liburugintzan eta diskogintzan izan den ekoizpena erakustea izan du helburu (euskal gaiei buruz edozein hizkuntzatan idatzi eta jasotakoak eta edozein gairi buruz euskaraz egindako lanak). Ezaugarri eta helburu horiei eusten jarraitzen dietela adierazi zuen Nerea Mujika Gerediagako presidenteak, aldaketak medio. Horren adibide dira azoka barruko aurkezpenak, Haur Literatura Aretoa, Ahotsenea, Azoka TB...
Ahotsenea hirugarren urtez etenik gabe jardunean aritu da azokarekin elkarlanean, zuzeneko 76 ekitaldi (bai literarioak bai musikalak) eskaintzen. Guztira 200 sortzaile inguruk zapaldu dute Landako gunearen alboan kokatutako euskal sorkuntzaren etxea. «Argi geratu da aurten egin den eskaintza hartzaileek oso ondo hartu dutela. Jakin-min handia izan dute musikari eta idazleen lanak ezagutzeko», nabarmendu zuen Ahotseneako sustatzaileetako Gotzon Barandiaran idazleak.
«Bi pausutan» soilik bereizi dira zuzeneko emanaldiak eta horietan ikusitakoa erosteko aukera. Hori izan da, Barandiaranen hitzetan, Ahotseneak izan duen arrakastaren gakoetako bat. «Sortzaileen lanak zuzenean ezagutu eta, produktuak konbentzitu baditu, musikazale eta literaturzaleek haien lanak momentuan erosteko beta izan dute azokan», azaldu zuen.
Gerediaga Elkarteko presidentearen irudiko, Ahotsenea «azokako arnasa» izan da aurtengo edizioan eta aurrerantzean arrakasta berbera lortzen jarraituko duela aurreikusi zuen. Finantzaketari dagokionez, 2010ean %30 jaitsi dira Gerediagak jasotako aurrekontu publikoak eta «ez daukagunetik ezin dugula zabaldu» ohartarazi zuen Mujikak. Nolanahi ere, Ahotsenearekin arlo horretaz hitz egitea beharrezkoa da, bere aburuz, eta etorkizunean «era naturalean» lan egiten saiatuko direla adierazi du.
Salduenak
Salmentetako zifra berberetan mugitu dira aurten Durangoko Azokako diskoetxe eta argitaletxe nagusiak, nahiz eta batzuek iaz baino gehiago eta besteek gutxiago saldu duten. Azken bi hilabeteetan aurkeztutako produktu berrienak izan dira giltzarri nagusia eta haiek izan dira salduenak. «Lehen jendeak hiru edo lau liburu erosten zituen, baina orain gutxiago eramaten ditu etxera. Azoka abiatu aurretik komunikabideetan agertu diren liburu eta diskoak izan dira, beraz, salduenak», Jon Irazabalen ustez.
Beste giltzarrietako bat sortzaileek azokan izan duten presentzian oinarritu da. Inoiz baino lan gehiago egin dutela nabarmendu zuten antolatzaileek. 300dik gora sinadura ekinaldi zenbatu dira lau egunetan zehar, eta «sortzaileak berak ikusi du erakusmahaian egoteak salmentetan eragin handia duela. Lehen egun bakar batez etortzen baziren, gaur egun musikari eta idazle batzuk egun guztietan izaten dira azokan».
Landako guneak bere ateak itxi aurretik, GARAk argitaletxe eta diskoetxe garrantzitsuenen iritziak bildu ditu. Literaturari dagokionez, esperotako nobedade garrantzitsuenen artean Joseba Sarrionandiak idatzitako saiakera berria izan daiteke azpimarragarriena («Moroak gara behe laino artean?», Pamiela), baita Koldo Izagirreren «Autopsiarako frogak» (Susa), saiakera hori ere. Ezin gera liteke zerrenda beretik kanpo aurten saiakera arloan Espainiako Sari Nazionala jaso duen «Eskarmentuaren paperak», Anjel Lertxundik idatzi eta Alberdaniak kaleratutako alea.
Pello Elzaburu Pamielako editorearen aburuz, «saioaren azoka» izan da aurtengoa. «`Moroak gara behe laino artean?' asko saldu da, nahiz eta ia 700 orrialdeko liburua den eta, gainera, saiakera. Baina berri ona da hori, izan ere, aurten Izagirreren eta Lertxundiren liburuak ere salduenen artean daude, haiek ere saiakerak dira, eta euskal irakurleen maila altua dela esan nahi du horrek».
Joan den larunbatean zendu zen Xabier Leteren azken poema liburua argitaletxe berberak kaleratu zuen orain bi urte. Azokara hirugarren ediziotik geratzen ziren aleekin aritu dira salerosketan, eta haiek agortuta, 2011ri begira «Egunsentiaren esku izoztuak»en laugarren edizioa kaleratzeko asmotan direla iragarri zuen Elzaburuk.
Argitaletxe gehienak gustura agertu ziren lortutako emaitzekin. Ereinen kasuan, Iñaki Aldekoa editorearen hitzetan, Toti Martinez de Lezearen aleak eta Arantxa Urretabizkaiaren «3 Mariak» izan dira bere zerrendan salduenak. «Toti Martinez de Lezeak jendea izugarri erakartzen du. Bera salmahaian sinatzen aritzeak sekulako ilarak sortzen ditu zaleen artean. Arantxa Urretabizkaiaren liburua publiko helduago bati zuzenduta dago, eta agian erosleak ere selektoagoak dira. Baina biak saldu dira oso ondo», esan zuen. Jon Arretxeren «7 kolore» disko-liburuak ere harrera ona izan du.
Alberdanian, esan bezala, Anjel Lertxundiren «Eskarmentuaren paperak» ageri da salduenen artean, eta horrekin batera, orain gutxi Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak bere memoria politikoak biltzen dituen alea («Geroa geurea da»).
Elkarrek, bestalde, Xabier Montoiaren «Fucking artists» eta Miren Agur Meaberen «Zazpi orduak» izan ditu salduenen artean, nahiz eta fondoan zituen liburu ugari ere ondo saldu diren.
Diskoetan, arrakasta handiena Ken Zazpiren azken lanak lortu du -Elkarrekin argitaratua-, baita Olatz Zugastiren berrienak ere. Ezin musikazaleen zerrendatik kanpo utzi Berri Txarraken CD/DVDa. Gor diskoetxearekin kaleratu du Lekunberriko taldeak bere ibilbide osoko kantu eta unerik esanguratsuenak biltzen dituen alea, azokan salduenetakoa zalantzarik gabe.
Baga Bigako inguruetan beste CD/DVDa. Oraingoan Gatiburena, «Zuzenean bizitzeko gogoa»; 2.000 ale saldu dira bost egunetan. Sasoi betean eta indarberriturik itzuli zen hirugarren diskoarekin «Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik». Egoera horri etekina atera beharra zegoen eta horren emaitza da «Zuzenean bizitzeko gogoa», Donostian, Bilbon, Gernikan eta Durangon emandako zuzeneko irudiekin. Etxe berean, Esne Beltzak ere arrakasta lortu du. Nahiz eta «Noa» diskoa orain hilabete batzuk aurkeztu, oso ondo saldu den produktua dela nabarmendu zuen Ritxi Aizpuru editoreak, «eta hori Plateruenan emandako zuzenekoetan nabaritu da».
Bide Hutsek abenduaren lehenengo egunean kaleratu zuen Mikel Laboaren kantu ezagunenak bertsionatutako lana, «Txinaurriak», arrakastatsua hau ere azokan. Gaztelupeko Hotsetan, Txuma Murugarrenen lana ageri da salduenen artean baita euskal bluesa eta jazza ere. Salduenak salduta, azokari agur, eta datorrenera arte.
Larunbatean argi gorria piztu zen Baga Bigan, azokan izandako jende urriarekin ez baitzuten uste salmenta handirik izango zutenik. Gauzak asko aldatu ziren, ordea, hurrengo egunetan; Gatiburen azken diskoaren 2.000 ale saldu dituzte.
Txalaparta argitaletxeak politikarekin lotutako hainbat liburu bildu ditu aurten azokan. Erotismoa izan da, ordea, aurtengo gai nagusienetakoa, eta gaiari men eginez, izenburu iradokitzaile batekin beraien erakusmahaiko libururik salduenen artean ageri da «Orgasmus», liburu erotiko kolektiboa.
GARA
Abenduaren 6an, astelehenean, ibili zen jenderik gehien. Ez bakarrik azokan, Durangon eta inguruko herrietan ere igarri zen Euskal Herri osotik bildutako jendetza. Egunik lasaienak asteburukoak izan ziren.
Argitaletxe eta diskoetxe gehienek Ahotsenea sortzaileen guneak izan duen garrantzia nabarmendu zuten azokaren azken egunean. Pello Elzaburu Pamielako editorearen aburuz, «Ahotsenea izan da aurkikuntza inportanteena; berak ematen dio balio erantsia azokari».
Diskorik salduenen artean ageri dira Mikel Laboaren kantuekin egindako bertsioak biltzen dituen «Txinaurriak» (Bide Huts); Zea Maysen «Ero»k ale guztiak agortu ditu (Bonberenea); eta Txuma Murugarrenen «B aldeko kantuak» (Gaztelupeko Hotsak).
Ahotseneak goia jo du aurtengo edizioan. Inoizko jendetza bildu da bost egunez eskainitako 76 saioetara. Guztira 200 sortzaile inguru igaro dira Landako alboan kokatutako aterpetik. Saltzaile askoren ustez, gakoa izan da aurten Ahotsenea.