Sumina eta kolera, atzerritarren eskutik, Haitin
Haitiarren egoera erabat zoritxarrekoa da eta atzerritik luzatutako eskua bertako jendea laguntzeko baino herritarren lepoa estutzeko erabili da orain arte. Haitiar «kaiku» horien «sineskeriez» luze trufatu ondoren, aste honetan jakin da herria birrintzen ari den kolera izurriteak bertara laguntzera joan zen NBEko kasko urdinen kanpamentu bat duela iturburua. Horixe da haitiar «ezjakin» horiek salatzen zutena. Mendetan zapaldu zuten berberek laguntza eskaini zioten Haitiri aurtengo urtarrilean gertatutako lurrikararen ondoren. Fenomeno naturala baldintza sozioekonomikoetatik isolatuz eta egoeraren kausei begiratu ordez lurrikararen ondorioei soilik begiratuz, nazioarteko komunitateak kontrolpean eduki nahi du Haiti. Beraientzat Haiti arriskuaren sinonimo da, baina izurritearen auziak erakusten duenez, beraiek dira haitiarrentzat benetako arriskua. Salbatzera joan eta itotzen lagundu, hori bai laguntza! Testuinguru honetan hauteskundeekin gertatzen ari dena are larriagoa da. Mirlande Manigat oposiziogilea eta Justine Celestine, oraingo agintarien oinordekoa, bigarren itzulira igaro dira, Michel Martelly Sweet Micky-ren kaltetan. Baina Celestineren kasuan iruzurra egon dela agerikoa dirudi. Horrek haserrea piztu du herritarrengan eta, ondorioz, kolerari sumina gehitu behar zaio.