Oihana Llorente Kazetaria
Kultura eta herriaren arteko zubia
Fantasiaren mundurako ate magikoa ez zait parez pare oraindik ireki. Irakurzaletasunak bete-betean noizbait harrapatu nauen arren, gehiegitan lortu dut haren atzaparretatik askatzea eta liburu gehiegitxo ditut hasi eta bukatu gabe gau-mahaitxoan zain. Olerkiak irakurtzen zirrara sentitzen dudala esatea politikoki zuzenagoa den arren, ez dut itxurakeriarik egingo, olerkiaren zentzua bilatzeko bidaian askotan galtzen naizen horietakoa naiz.
Musika, gazte ugarik bezala, gustukoa dut, baina horretan ere ez naiz eredu, irrati kate komertzialen sharea igotzen laguntzen baitut maiz.
Antzoki eskuraezinetako emanaldiak baino, usaindu, ukitu eta gertutik gozatu ahal diren lagun arteko kontzertuak maite ditut; pelikula komertzialak baino, esperientziak bertatik bertara azaltzen dituen dokumentalak nahiago ditut; eta antzerkia eta dantza, berriz, kalean ditut gustuko, agertokien mugarik gabe eta ikusleen interakzioa sustatuz.
Kultur arloan profil egokia betetzen ez dudan arren, urtero joaten naiz Durangoko Azokara. Standez stand, aurrera eta atzera, liburu eta diskoen industria ezagutzeko beta aprobetxatuz. Jendetzaren artean, ordea, liburu eta diskoen azalak laztantzea lan erraza izaten da, bai eta haien edukia zelatatzea ere. Alabaina, lan horretan lagungarri izan zaidan gunea topatu dut hirugarrenez Durangon: Ahotsenea.
Liburu zein disko, ezagun zein ezezagunen edukiak dastatzeko beta ematen duen gune honek, kultur sortzaileek eta kultur kontsumitzaileek osatzen duten binomioa irauli, eta euren arteko elkar ezagutza sustatu du. Lau egunez, atsedenik gabe, 200 sortzaile aritu dira solasean, irakurraldiak eta kantaldiak musu-truk eskainiz, bertaratutakoen txaloen truke.
Diru laguntza nahikorik gabe eta azoka salerosketa gune huts bilakatu ez zedin orain hiru urte abiatutako proiektua Durangoko Azokaren arnasbide bilakatu da, argitaletxe eta diskoetxeen salmentetan era zuzenean eraginez. Benetako kulturan inbertitzea etorkizunerako bermea dela frogatu du Ahotseneak.