Juan Luis Mugertza Idazlea
Rio de Janeiro, orain edo inoiz ez
Rio de Janeiron 750 favela daude, eta hiru talde droga-trafikarik kontrolatzen dituzte. Klase ertaineko brasildar gutxik ezagutzen omen dute favela bat. Bertakoentzat kale erpin eta zoko-mokoetan ibiltzeak txirotasuna, bazterkeria, delitua eta gainerako keriak suposatzen dituHitz horiek erabili zituen lehengo egunean telebistaren aurrean Rodriguez Pimentelek, BOPEko kapitain ohiak, Rio de Janeiroko favelen kontra burutzen ari den borroka zehazteko. 2016an bertan egingo dituzte Olinpiar Jokoak, eta kezkatuta daude egoeraren larriak ez ote duen aurrera egingo. Horretarako bidali dituzte tankeak, poliziak. Gu udan izan ginen. Hauxe da gure testigantza
Copacabanako hondartzan gizonezko argentinar bat hurbildu zaigu eta esku-orri bat eman digu Rio de Janeiro hobeto ezagutzeko: Pan de Azúcar, Corcovado, sexo en vivo, favelas... «¿Qué os puede interesar?». Bere hizkera melengak ez digu konfiantza handirik eman, baina favelarena gogoko dugu, eta zalantzatan gaude. «En la hoja teneis mi teléfono».
Hoteleko mahaitxo batean paper askoren artean Favelatour izenekoek egindako tourraren gaineko propaganda ere topatu dugu. Aukera biak hausnartu, eta udatiarrez osatutako safari itxurako planak ez gaituela asebeteko erabaki, eta Rauli deitu diogu. Eguerdiko ordu batean gelditu gara hoteleko atean, eta jan gabe joateko esan digu: berak Rocinhako favelean ezagutzen duen taberna batera eramango baikaitu.
Jendez gainezka dagoen furgoneta zuria geldiarazi, eta Rioko favelarik handienean lasai ibiltzeko arau batzuk eman dizkigu Raulek: 1. Ezin dugu argazkirik egin berari galdetzeke: trafikatzaile bati eginez gero, arazo handiak izan ditzakegu. 2. Emakumeekin ere kontuz. Ez mintzatu eurek egin arte: ez dago jakiterik noren emakumea, alaba, arreba... izan daitezkeen. 3. Inoiz ez galdetu: galdetzeak gurekiko mesfidantza dakar. Polizia edota beste banda batekoa izan gaitezke.
Neurriz gaineko arauak ez ote diren sinetsita joan gara hurbiltzen Rocinhara, bertakoek eraikitako 200.000 mila pertsonako favelara. Etxe guztiek jabego titulua omen dute, baina gainerako hiritarrek baino zerga gutxiago ordaintzen dute. Kanpotik bestelako itxura ematen badute ere, barrutik itxurosoak omen dira. Rio de Janeiron 750 favela daude, eta hiru talde droga trafikarik kontrolatzen dituzte. Klase ertaineko brasildar gutxik ezagutzen omen dute favela bat. Bertakoentzat kale erpin eta zoko-mokoetan ibiltzeak txirotasuna, bazterkeria, delitua eta gainerako keriak suposatzen ditu.
Rocinhako kaleetan ibiltzeak nolabaiteko kili-kili eragin baldin badigu ere, hau ez da guk etorri aurretik burumuinetik ekarritako pelikula: «Ciudad de Dios». Jende askok agurtzen gaitu kale estuetan, umeak kaleetan aritzen dira jolasean motorren artean. Raulek etxe bateko terrazara eraman gaitu bertatik favela hobeto ikusteko. 700 metrora gaude eta ikaragarri iruditu zaigu mendi magaletan osatutako komunitate erraldoi hau, Rio de Janeiroko paisaiak janzten duen postala. Bertatik Gavia ikusten da, Rioko auzorik aberatsena. Elkarren ondoan, baina berezitako bi unibertso.
Kanpotik ikusita, favelek mendi magalari eskegitako gotorlekuak dirudite, baina behin barruko labirintoetan etxeek beren estetika dute eta barruko munduak bere arauak. Halako batean, kale kantoian, «Ahí están los chicos; no sacar fotos», esan digu Raulek. Karrika bazterrean daude bezeroei itxoiten, bizkar-zorroak eta plastikozko poltsak begi bistan. Inor ez da harritzen. Inork ez du inor salatzen. Emakumeak umetxoekin pasatzen dira eskutik helduta. Gugandik berrogeita hamar metrora polizia postua dago, ezer gertatu ez bailitzan. «En Copacaba se ve jente pidiendo, hay robos; aquí no, aquí si se cumplen las normas, no pasa nada». Dirudienez, taldeek ez dute poliziarekin gorabeherarik izan nahi, eta sasi-gaizkileak soberan daude auzoan.
Bazkaltzeko tenorea da. Aukeratutako jatetxeak itxura ona du. Raulek bere bazkaria ordaintzeko ez du dirurik; aldez aurretik ordain behar izan diogu Brasilen hamasei urte daramatzan berrogeita hamahiru urteko argentinarrari. «Dagonenean bonbon, ez dagoenean egon» eskolakoa da; ez daki beste modu batean bizi izaten. Baina dena ez da janaria Raulen bizimoduan; sakelako telefonoa hartu eta bere neska lagunari deitu dio, neska lagunari-edo... Eta hantxe agertu da bera baino askoz gazteago den neskatxo polita. Aurkeztu eta... «Esta es una de las razones de vivir en Brasil», esan digu neskari goxo-goxo laztanak egin bitartean. Baretu ostean, guri zuzendu digu arreta: «Tranquilos, yo pido por vosotros». Eta platerkada batean frijoleak, arroza eta brokolia, arrautzak xehatuta... ekarri dizkigu. Postrea jaten geundela zilindrada handiko motor batean sekulako morroi handi eta gihartsua etorri da, urrezko katea lepoan. Raul agurtu eta guri begira gelditu da. «Amigos turistas», esan dio Raulek. Irribarrea luzatu, eta «on egin» esan digu portugesez. Gero, kanpoan zeuden mutilengana hurbildu, eta etorritako lekutik egin du alde. «Es uno de los jefes». Egitura piramidala dute trafikatzaileek, antza. Droga saltzen aritzen direnek 750 euro irabazten omen dituzte hilean. Arrain handiek askoz gehiago. «¿Visteis el bulto que tenia en el pantalón? No era un celular. Era una pistola». Guk egiatan ez dugu ezer ikusi. Aurreko astean bikote espainiar batekin egon zen Raul eta trafikari batzuk desfilatzen ikusi omen zituzten esku-bonbak gerrikoan, eta AK-47 fusilak sorbaldan eskegita. Beste behin bazkaltzen zegoela batek mahaiaren gainean bazoka bat utzi omen zuen. Askotan ez dakigu egiatik zer dagoen favelen marazean, baina gustura izan gara errealitatea eta fikzioa irudikatzen.