GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eskubideen defentsa antolatzeko bilkura publikoak egingo dituzte

Jendarme frantsesek azaroaren 22an Nafarroa Beherean egin operazioa salatzeko agerraldia egin zuten atzo Baionan. Askatasuneko kideen alboan, atxilotutako hiru gazteetarik bi izan ziren, baita, 18 urte bete berri dituen arren, jada bitan atxilotu duten gaztearen gurasoak. Eskubideen eta askatasunen aldeko defentsa antolatzera deitu zuten.

p015_f02.jpg

Maite UBIRIA |

Iragan azaroaren 22an Jordi Foucher, William Indar eta Julien Bidart gazteak atzeman zituen Jendarmeriak. Nafarroa Beherean eginiko operazioaren ondotik, beste lau gazte galdekatu zituzten. Jasandako jazarpenaren berri eman zuten eta eskubideen eta askatasunen defentsan bilkura publikoak antolatuko dituztela 2011 urte hasieran.

16 urte baizik ez zituela, Jordi bere gurasoen etxetik eraman zuten jendarmeek Kalaka aferari loturiko manifestazio baten ondoren izan ziren istiluetan parte hartu zuelakoan. Handik bi urtera, iragan hilaren 22an, poliziak Jordiren gurasoen etxean sartu ziren berriz ere, miaketa egin eta 18 urte bete berri dituen gaztea atxilo eraman zuten. Atzoko agerraldian ondoan zuen Julien, bera bezala, lehenagok ere poliziak galdekatua izan zen.

40 oren iraun zuen atxiloaldian William-ek beraiek biek izandako bizipen berak izan zituela adierazi dute. «Poliziek goizeko seietan gure etxeetan sartu, intimitatea bortxatu eta eramanak izan gara, Paueko bidean zein komisaldegian tratu ankerra eman digute», salatu dute, baita galdeketa garaian «presioak eta mehatxuak» jaso izana ere.

Europako Auzitegiak eta Frantziako Auzitegi Konstituzionalak salatu berri duten «garde-à-vue» edo isolamendu garaian komisaldegian «bizitako egoera gogorra» xehetasunez kontatu dute. Ziega zikin batean ukan eta galdeketetan sarritan «terroristak» zirela eta «aitortu ezean, bi eta bost urte arteko espetxe zigorra» jasoko zituztela erran zietela salatu dute.

«Muturreko egoera batera eraman nahi gintuzten, deus ez badugu egin ere, errudun garela erratera eta ber maneran lagunen izenak ematera bultzatu nahi gintuzten», gehitu dute.

Dirua, beste jendea salatzeko

Gazteen hitzetan, informazioa biltzearren, «poliziek muga guziak hautsi dituzte». Salatu zutenez, haietako bati dirua eskaini zioten poliziakideek bertze gazteen jarduerari buruz informazioa ematearen truke.

Jordiren gurasoek bi urteotan pairatu duten egoerari buruzko lekukotasuna eman zuten. Ororen gainetik, atxiloketa horiek gazteengan izanen dituzten ondorioak nabarmendu dituzte.

«Jendartea ohartu behar da terrorismoaren aurkako legedia baliatuz edozein gauza egiten dutela: hiru gazte hauek saltoki batean garagardo botila batzuk erosten agertzen direla bideo batean erraten dute orain, eta supermerkatuan harturiko bideo horrekin soilik Baigorrin badira bi urte eta erdi inguru izan zen eraso baten errudun egin nahi dituzte».

«Gazteen aurkako jazarpena etengabe gora doala» eta Ipar Euskal Herrian «ezohiko egoera» ezarri dutela salatu zuen Askatasunak. Hala, datorren urte hasieran bilkura publikoak deituko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo