GARA > Idatzia > Euskal Herria

ZIENTZIA

Segalaritzaren bilakaera zorrozten

Heziketa fisikoko irakaslea, segalaritza oinarri hartuta tesia aurkeztu berri du. Gertutasunak eraman du gaia sakon aztertzera. Elkarrizketak, federazioko aktak, egunkarietako orriak... hartu ditu oinarrian eta itxura batean nabarmen aldatu dela ez dirudien arren, segalaritzak sakoneko garapena izan duela ondorioztatu du ikerketan, besteak beste, kiroltze prozesu nabarmena bizi izan duelako.

Maider EIZMENDI

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziatu zen eta Hezkuntza Fisikoko irakaslea da. Kirolari betidanik lotuta, tesirako gaia zehazterakoan argi izan zuen: «Ni ez naiz baserritarra, baina baserri artean jaio eta bizi izan naiz; ikasten ari nintzela joko eta kirol tradizionalen gaineko lan bat egiteko agindu zidaten eta segalaritza hautatu nuen; gerora, tesia egiteko, gertutik ezagutzen nuen eta bertakoa zen gai bat aukeratu nahi izan nuen».

Azken 50 urteetan segalaritzak izandako ibilbidea aztertu du. Horretarako, elkarrizketa sakonak egin dizkio segalaritza probatan aritutako jendeari eta haiek osatu ditu gero, testu idatzi eta federazioko aktekin. Ikerketa osatzeko, halaber, egunkarietan segalaritzak izandako isla era aztertu du.

Aldaketak nabarmendu ditu. «Kanpotik jendeak ez du aldaketa handirik ikusten akaso, baina azken 50 urteetan asko aldatu da, besteak beste, segalarien egoera, testuinguru eta ezaugarriak desberdinak direlako orain». Bere esanetan, «nekazari-segalari» estatusa izatetik, «kirolari-segalari» izatera pasatu dira. Horrek, era berean, araudiaren etengabeko moldaketa eskatu duela dio.

Sakoneko azterketak segalaritzak dituen arazoak bistaratzeko ere balio izan dio eta, besteak beste, sega lortzeko zailtasunak aipatu ditu. «Sega handia erabiltzen da probetan eta, horiek egiten zituen lantegia itxita, ekoizpenik ez da. Erostekotan segalari batengana jo behar da eta etxean duen bat saltzeko eskatu; arazoa da, garestiak direla», arrazoitu du. Kanpotik ekarri izan direla adierazi du, baina haiek ez dutela hemengoek adina emaitza onik ematen.

Jarduera honi lotutako arazoei helduta, halaber, entrenatzeko belardien gabezia, eskuz biltzen eskarmentua duen koadrila osatzeko zailtasuna edota sega pikatzen eta zorrozten dakiten pertsonen eskasia aipatu ditu.

Elkarren artean lehiatzeko antolatzen diren proba kopuru eskasaz eta mailaketa gabeziaz ere mintzatu zaizkio segalariak. «Urte osoan gogor entrenatzen dira eta, agian, egindako lana erakusteko aukera askorik ez dute», aipatu du, arazo ekonomikoa eta kluben gabezia nabarmentzearekin batera. «Orain arte baserriak funtzionatu izan du klub batek bezala: berak eskaintzen baitzituen belardia, tresnak, irakasteko pertsonak... Hori desagertu egin da». Zentzu honetan, Almintza sega elkartearen lana aipatu du eta hari esker segalari dezente sortu dela onartu du. Hala ere, klubak sortzea oinarrizko jotzen du, trebakuntza eman eta, besteak beste, entrenamendurako belardiak izateko baserritarrekin hitzarmenak egingo dituena. «Etorkizuna bertan dago neurri handi batean». Herri txikietako jaietan egiten diren sega erakustaldi herrikoiak sustatzea ere begi onez ikusten du, «nahiz eta ezagutu, gazte askok bertan baitute lehen harremana segarekin».

Txapelketa eta apustuei helduta, azaldu du, hasiera batean apustuak nagusi baziren ere, azken urteetan txapelketak nagusitu direla, eta batzuk zein besteak mantentzearen alde egin du. Onartu du, apustuek tiradizoa dutela herritarren artean, baita komunikabideetan ere: «Bitxia dena egunkarietan gehiago azaltzen da eta horregatik egun txapelketei baino tarte handiagoa eskaintzen zaio apustuari».

Herri kirolen arloan ikertzen jarraitzeko deia egin du, «aldaketa handiak ematen ari direlako eta zer aztertu badagoelako».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo